Aste Santuko jaiegunetako balantze "oso ona" egin du Bilbao Turismok

uriola.eus 2015ko api. 7a, 12:29

Argazkia: @UnaiFigueroa

Hotelen okupazio datuak "oso onak" izan dira Bilbao Turismo erakundearen arabera; izan ere, bi eta bost izarren arteko hoteletan maila %88ra iritsi da, eta aterpetxeetan, berriz, %95era. Bilbao Turismoko bulegoak 8.832 bisitari hartu ditu; horietatik 6.658 bisitari estatukoak izan dira, eta 2.174, ostera, nagusiki Frantzia, Italia eta Erresuma Batutik iritsi dira Bizkaiko hiriburura.

'basque FEST 2015' jaialdiak "helburua bete du". Bilbo "hiri bizia, aktiboa eta erakargarria" izan da Aste Santuan, turistentzat, bertakoentzat zein egun-pasa hurbildu direnentzat; izan ere, ehun proposamenetik gora izan dira aukeran, jardueren egitarau bete-betean jasotakoak, tartean kontzertuak, gastronomia, bertako produktuak dastatzeko saioak, euskal diseinua eta moda, herri kirolen erakustaldiak, erakusketak, haurrentzako antzezlanak, kale animazioa eta beste ekintza ugari izan dira, adin guztietako ikusleentzat eta bereziki familientzat pentsatutakoak.     

Euskal kulturaren eta abangoardiaren 'basque FEST' jaialdia Bilboko Udalak bultzatu du, Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean, eta hirugarren edizioa izan du aurten; hala, Bilbok "jomuga urbano" gisa duen erakargarritasuna indartu du, hain zuzen ere milaka bisitari mugiarazten dituen oporraldi honetarako; gehienak estatutik iritsi dira. Asociación Destino Bilbao elkarteak emandako datuen arabera, hotelen okupazioa plazen %88ra iritsi da bi eta bost izar arteko establezimenduetan. Bizkaiko hiriburuko turismo aterpetxeak, bestalde, "ia-ia beteta" egon dira Aste Santuko jaiegun garrantzitsuenetan. 

Arreta Bilbao Turismoko bulegoetan

Plaza Biribilean eta Guggenheim Museoan kokatutako Bilbao Turismoko bulegoetan guztira 8.832 bisitari hartu dituzte ostegunetik astelehenera bitartean, bi jaiegunak barne; turistek hiria eta lurraldea ezagutzeko iradokizunak jaso nahi zituzten, informazio orriak eskatu, ostatu hartzeko lekua aurkitu edota bisita gidatuak erreserbatu, besteak beste. Bilbao Turismok 23 profesionaleko taldea izan du lanean goizeko 09:00etatik gaueko 21:00etara, etengabe.   

Bilbao Turismoko bi bulegoetatik estatuko 6.658 bisitari igaro dira; atzerritik iritsitako pertsonak, ostera, 2.174 izan dira. Estatu mailan, Kataluniatik (%21,20), Madrildik (%20) eta Valentziatik (%9,4) iritsitako turistak nabarmentzen dira. Nazioarteko mailari dagokionez, berriz, datuen arabera turista gehienak Frantziatik (%22,3) iritsi dira; ondoren datoz Italiatik (%10,8) eta Erresuma Batutik (%9,2) heldutako bisitariak.

'basque FEST' jarduera arrakastasuak

Bizkaiko Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin batera Bilboko Udalak antolatutako 'basque FEST 2015' jardueretan 69.000 pertsonek baino gehiagok osatutako publikoa batu da.  

Txoko Gourmeta Areatzako pasealekuan. Express dastatzeak & Basque jomugak. 'basque FEST 2015' jaialdiko proposamen berriak arrakasta izugarria izan du; soilik hiru egunetan 30.150 bisitari bertaratu dira, eta euskal produktuen eskaintza enogastronomikoa ezagutu eta dastatzeko aukera izan dute, tartean Goierriko artzain gazta, Arabar Errioxako ardoa eta olioa, Urdaibaiko Kantauri itsasoko kontserbak (hegaluzea eta antxoak) eta Uribeko Bizkaiko Txakolina.

Kepa Junkeraren eta Ara Malikianen kontzertua Azkuna Zentroko sarreran. Kepa Junkeraren musika eta Azkuna Zentroan antolatutako formatu txikiko kontzertuak, Plaza Barrian antolatutako gainerako emanaldiekin batera, ezinbesteko hitzorduak izan dira 'basque FEST 2015' jaialdian. Orotara 7.300 entzule erakarri dituzte.

Basque Diseinu eta Modaren Marketa Zabalguneko eraikinean  Zabalguneko eraikinean instalatutako market azokan euskal diseinu eta marken hogei stand izan dira, baita Enkarterriko produktuak saltzeko denda bat ere; guztira 8.275 bisitari gerturatu dira, eta 'made by basques' kalitatezko produktuak eskuratzeko aukera izan dute. 

Harri-jasotzaileen eta aizkolarien dema, Itsasadarrean, eta herri kirolen erakustaldiak 'basque FEST' jaialdiaren hirugarren edizio honetan biziki nabarmendu da emakumeen presentzia herri kiroletan; izan ere, protagonismo berezia izan dute harri-jasotzaileen lehiaketetan, sokatiran eta harri zulatzaileen artean. Aurtengo jarduera nagusia herri kirolen dema izan da, Itsasadarrean. Horrez gain, pilota tailerrak ere azpimarratu behar dira, La Esperanza kaleko frontoian, baserriko jolasak haurrentzat (txingak, zaku lasterketak, lokotx bilketak…) eta bola-jokoak. Ekintza horietan 7.150 ikusle izan dira.      

Anfitrioiak, kale animazioa, ibilaldi antzeztuak itsasontzian eta haurrentzako jarduerak Azkuna Zentroan Oinez zein itsasontziz egiteko ibilaldi antzeztuek arrakasta izugarria izan dute 'basque FEST' jaialdian, eta eskari handiena jaso dutenetakoak izan dira berriz ere, kale animazioarekin batera, hiriko hotel eta turismo kontzentrazio handieneko zonaldeak dinamizatzeko giltzarri izanik (Zazpi Kaleak, Guggenheim Museoa, Berastegi-Ledesma-Aldundia, eta Garcia Rivero-Indautxu). Programazioaren atal honetan 15.840 pertsona inguruk hartu dute parte.

Ostalaritza 'basque FEST' jaialdian inplikatu da

Aurten hiriko 175 taberna eta jatetxek baino gehiagok egin dute bat 'basque FEST' jaialdiaren jai giroarekin, hainbat proposamenekin, pintxo tradizionaletik hasi eta plater konbinatuak, postreak edota menuak tarteko, baita Bilboko hamaika hoteletan eskainitako 'Basque gosariak' ekimenak ere. Ostalaritza sektoreak proiektu honetan izandako inplikazioak lagundu egin du opor garaian hiri dinamiko eta erakargarri bati eusten.

Lankidetza publiko-pribatua

Aurten ere lankidetza publiko-pribatuari esker eta erakunde eta elkarte ugariren konpromisoari esker izan da posible 'basque FEST 2015' jaialdia antolatzea. Besteak beste, museo, saltzaileen elkarte, artisau edota ostalarien konpromisoari esker izan da posible. Sektore horien babesa eta lana erabakigarria izan da ekimen hau martxan jartzeko, hain zuzen ere hazkunde ekonomikorako faktore gisa kulturaren eta sormenaren aldeko apustu tinkoaren eta lan partekatuaren emaitza izan baita egitasmoa.