Hala, Bilboko Udalak Memoria Historikoa "ondare kolektibo gisa ezagutzea eta mantentzea sustatzeko asmoa" du, izan ere, aipatutako ondare hori, Udalaren aburuz, "bizikidetzaren eta gure gaurko gizarte-ereduaren oinarria da".
Memoria Historikoaren Udal Programak zortzi programa lagunduko ditu, bakoitzari 2.500 euro esleituz. Haien xedea 1936 eta 1977 arteko aldian "demokraziaren eta askatasunaren alde Bilbon egindako edo bilbotarrek sustatutako borroka berreskuratzea" izango da.
Hala, programa honetan diruz lagunduko dira hurrengo alderdiak: zapalkuntza, erresistentzia edo gizarte demokratikoaren eraikuntzari lotutako pertsonak eta jazoerak gogoan hartzeko ekitaldiak; askatasunaren aldeko borrokari lotutako ondare material eta ez-materiala gorde eta berroneratzeko asmoz egindako ikerketa-proiektuak eta ekimenak; biltzarrak; sinposioak; jardunaldiak; mintegiak; behin-behineko erakusketak; edo argitalpenak, ikus-entzunezkoak eta hezkuntzako produktuak sortzea eta argitaratzea.
Deialdi honetan parte hartzeko interesa duten erakundeek 2015eko maiatzaren 15era arte haien proiektuak aurkeztu ahal dituzte -parte-hartzaile bakoitzeko bana-.
Diruz lagundu daitezkeen proiektuak aurten garatu beharko dituzte eta horiek Baloratzeko Batzordearen kideak hurrengo hauek izango dira: Bilboko Udalaren Kultura eta Hezkuntza Saileko arduradun bat; Sail horretako teknikari bat; eta Eusko Jaurlaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak proposatutako pertsona bat.
Memoria Historikoaren Udal Programarako oinarriak bilbao.net udal webgunean eskura daude.