Bizkaiko gazte eragileek 'Mozal legea'-ren aurkako manifestazioa deitu dute

uriola.eus 2015ko api. 17a, 09:28

Uztailaren 1ean sartuko da indarrean Herritarren Segurtasunerako Legea, 'Mozal Legea' bezala ezagunagoa dena. Bizkaiko gazte eragileen arabera protesta edota kaleko ekimenak modu “eredugarrian” zigortuko ditu legeak, borroka soziala “errotik” ezabatzeko helburuarekin: “Etsaiak are gehiago babestu eta bidegabekerien aurrean erantzutea, herritarren adierazpen askatasuna egikaritzea eta gure eskubideengatik borrokatzea jazartuko ditu legeak”.

Antolatzeko beharraz konturatu dira Bizkaiko gazte eragileak eta protesta kalera ateratzeko premiaz. Hori dela eta, mobilizazio eguna deitu dute gaur, hilak 17, ostirala. 18:30ean Bilboko Moyua plazatik aterako da herrialde mailako gazte manifestazioa. Bertan parte hartzera deitu dituzte gazte bizkaitar guztiak. Partaideei buruberokiak eramateko eskatu diete. Mobilizazio "ikusgarria eta parte-hartzailea" izango dela iragarri dute deitzaileek. Moyuatik Elkano kalera egingo du martxak eta handik Euskadi plazara.

 

topatu.info

Bizkaiko gazte eragileen oharra

Nork ez du entzun zerbait mozal legearen inguruan? Delinkuentziari aurre egiteko beharrezko neurri bezala saldu nahi izan digute. Eta sinets dezagun, mass medietan segurtasun eza saltzen digute etengabe: jende andana poliziari oldartzen, estalitako masak FMIaren gailurrak oztopatzen, multinazionalen eskaparateak margoketaz beteta… Ekintza guzti horiek, herritarrontzako mehatxu baino, gure bizi baldintzen eta gure oinarrizko eskubide sozialen kontrako etengabeko erasoen aurrean emandako erantzuna direla estali nahi izan dute. Hiritarren Segurtasunerako Lege izenpean onartutako neurri horrek, oldarraldi neoliberalen aurreko erresistentzia eta sistemaren aurkako erantzun politiko oro ezabatzea du helburu.

Mozal legeak, azken urteetan instituzio eta eragile ekonomiko desberdinek inposatutako neurrien aurrean gauzatutako protesta ekimen desberdinak modu “eredugarrian” zigortzen ditu. Gure etsaiak are gehiago babestuko ditu lege honek, bidegabekerien aurrean erantzutea, herritarron adierazpen askatasuna egikaritzea eta gure eskubideengatik borrokatzea jazartuz. Hona hemen adibide batzuk:

- Espazio publikoa mobilizatzeko erabiltzea isunez zigortuko da. Bereziki gogor zigortuko da Kongresu edo Parlamentuen aurrean manifestatzea.

- Protesta egiteko eraikinetara igotzea ere, isunekin zigortuko da. Beraz, debekatuta egongo da pankartak jartzeko inora igotzea, edo bizardunena bezalako ekimen desobedienteak.

– Hemendik aurrera, poliziak grabatzea, delitu izango da. Horrez gain, inork ezingo die oihu egin… hori ere debekatuta egongo baita.

- Bankuak edo bestelako eraikin batzuen okupazioa ere zigortua izango da. Inork ez ditzala interes kapitalistak ez arriskuan jarri, ezta molestatu ere! Era berean, zerbitzu publikoen bulegoetaneginez gero (lanbide, hezkuntza delegaritza…), gure protestek dirutza bat suposatuko digute.

- Etxe-kaleratzeak saihestea ere, delitu izango da. Debekatuta egongo da norbaiten etxebizitzarako oinarrizko eskubidea babestea. 

Etengabeko mehatxu eta erasoen ostean, borroka soziala ezabatzeko beste neurri errepresibo bat baino ez da lege hau, eta ez dator bakarrik, gainera; Zigor Kodearen erreforma eta hainbat plan estrategiko (adibidez Plan estratégico general contra el yihadismo y la radicalización violenta) doazkio eskutik. Urte luzeetako borrokaz konkistatutako eskubideak kentzeari ekin diote. Logika bat jarraitzen duten etengabeko eraso hauen aurrean, ezinbestekoa da antolatu eta erantzutea. Lotuta eta ixil nahi gaituzte, baina guk mozala ebakitzeko hautua egin dugu!

Horregatik, herriz herri lanari ekin eta apirilaren 17an, ostirala, 18:30ean Bilboko Moyua plazatik aterako den manifestazio parte hartzailera hurbiltzera deitzen zaituztegu.

EBAKI MOZALA!!