Ekainaren 21a "etorkizunari begira jartzeko eguna izango da. Erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari ateak zabaltzeko eguna, aldarrikapenetik gauzapenera bidean aurrera egiteko pauso garrantzitsua".
Ekainaren 21eko egitarauaren berri eman du Gure Esku Dagoko lantaldeak. Euskal Herriko bost hiriburutan ekintzak antolatu ditu egun horretan, eta parte hartu nahi dutenentzako oharrak eman ditu.
Bilbon, San Mames futbol zelai berrian finkatu dute hitzordua 17:30ean. Aurretik sarrera eskuratu beharko dute bertaratu nahi dutenek. 10 euro balio du helduen sarrerak eta 5 euro umeenak. Sarrerak apirilaren 21ean jarriko dira salgai hiri eta herrietan zein Gure Esku Dagoren web gunean. Antolatzaileek sarrerak ahalik eta azkarren eskuratzeko gomendioa egin diete herritarrei.
EKAINAREN 21EKO EGITARAUA
12:00etan, Giza Kateak
Hiriburu bakoitzean giza kate bat egingo dute, herri eta auzoetan jositako oihalekin osatutako giza kate bat.
17:30ean, Ekitaldi Nagusiak
Egunaren puntu gorena izango da. Egun, herri eta auzoetan dauden borondatez jositako oihalen bitartez hautetsontzi erraldoiak eraikiko dituzten momentua izango da, ondorengo hiriburutan:
Bilbo: San Mames Barria
Donostia: Anoeta Estadioa
Gasteiz: Buesa Arena
Iruñea: Zezen Plaza
Baiona (zehazteke)
Ekainaren 21a etorkizunari begira jartzeko eguna izango da. Erabakitzeko eskubidearen gauzatzeari ateak zabaltzeko eguna, aldarrikapenetik gauzapenera bidean aurrera egiteko pauso garrantzitsua.
Ohar garrantzitsuak
Ekainaren 21a "behar den bezala atera dadin", herritarrek kontuan izateko ohar batzuk azaldu dituzte antolatzaileek:
1) Arratsaldeko ekitaldietarako sarrerak
Egoitzetan edukiera "arazoak aurreikusteko" eta "ekimenaren finantzaketarako", arratsaldeko ekitaldietarako sarrera beharko da. Sarrerak apirilaren 21ean jarriko dira salgai herrietan eta Gure Esku Dagoren web orrian.
Helduak: 10 euro
Haurrak: 5 euro
Iazko esperientzia kontuan hartuta, sarrerak "ahalik eta azkarren erosteko gomendioa" egin nahi diete antolatzaileek herritarrei.
2) Ekainaren 21eko kamiseta
Ekainak 21 "herritarron topaleku bat" izango dela irudikatzeko, egun horretarako atera duten kamiseta jantzita joateko gomendioa egin diote jendeari. "Herriz herri, hiriburuetako lokaletan eta online dendan daude salgai kamisetak. Kasu honetan ere, kontuan izan mesedez iaz jende piloa kamisetarik gabe geratu zela. Zenbat eta azkarrago erosi, hobe!".
3) Oihal digitalak
Oihal-zatien dinamikaren "arrakasta" ikusirik, baina "jakinik aldi berean gero eta denbora gehiago igarotzen dugula Interneten, hor ere eraiki nahi dugu hautetsontzia". Horretarako, herritarrek bigarren oihal bat betetzeko aukera ere izango dute: oihal digitala, www.ehuntzen.eus