"Egun bakoitza Maiatzaren Lehena bihurtzeko unea" dela pentsatzen dute gaur Etxabarrieta plazan agerraldia eskaini duten gizarte eragileek. Maiatzaren Lehenak "gure borrokaren momentu eredugarria" izan behar duela. "Amorrua eta haserrea" kalean erakusteko eguna.
Horregatik, maiatzaren 1a "mobilizaziorako eta hausnarketarako data" dela errepikatu dute Ikasle Abertzaleak, BUIA, Elkartzen, Uribarritzen, Zirikatzen edota Komite Internazionalista bezalako elkarteetako kideek.
Ondorioz, apirilaren azken astean jardunaldiak antolatuko dituzte eta -laster emango dute informazio gehiago- eta maiatzaren 1ean manifestazio bateratu bat. 'Kapitalismoaren aurka, maiatzak 1 egin' lelopean, Deustuko zubitik irtengo da arratsaldeko 17:00etan.
Langile izaera berreskuratu
Bilboren jatorri langilearen arrastorik "nekez" aurki daiteke egun. Elkartzeneko Patri Muñozen arabera, "langileria konsziente eta antolatu hartatik oroitzapena baino ez da gelditzen". Estatuek eta egitura errepresiboek langileriaren "zatiketa eta desmobilizazioa" eragin dute. Langileen aurkako mehatxuek "esponentzialki" egin dute gora, dela TTIP akordioagatik, dela lan erreforma edota Estatuen politika errepresiboengatik. Adibide modura aipatu dute "hobeak izango diren baldintzengatik borroka egiten duen orori aplikatzen dizkioten sententzia eredugarriak".
Eskubideak "erasotzen" dituen egungo agertoki politiko eta ekonomikoan, "erantzun bat eman beharra dago". Bizkaiko gizarte eragileetako ordezkariek gogorarazi dute "egitura kapitalistei aurre egiteko inoiz baino baldintza gehiago daudela".
Gaurko agerraldiko komunikatuarekin bat egin dute:
Ikasle Abertzaleak, BUIA, Elkartzen, Uribarritzen, Zirikatzen, Askapena, Komite Internazionalistak, Boltxe, Kitzikan, Reconstrucción Comunista, Sare Antifaxista, Burdinezko gerrikoa.