Mumia Abu-Jamal preso gaixoarentzat osasun arreta "egoki eta independentea" eskatu dute

uriola.eus 2015ko api. 15a, 12:48

AEBetan heriotz zigorra betetzen ari den milaka preso afroamerikarretako bat da Mumia Abu-Jamal. Bere ahotsak eta borrokak, baina, ikur bihurtu dute, "ahotsik gabekoen ahots". Gaixo eta larri dago Pensilvaniako kartzela batean Mumia eta, hori dela eta, mundu osoan bere askatasuna eskatzen duten taldeek mobilizazio astea deitu dute. Bilbon ere elkartu dira Euskal Herriko Mumiaren Lagunak.

2011an 'Mumia Abu Jamal' bezala berrizendatu zuten Mirasol kondearen pasarelan -Bilboko Erriberan- bat egin dute gaur goizean Mumiaren bizitza "arriskuan" dagoela ohartarazteko. Euskal Herriko Mumiaren Lagunak elkarteko kide Andrea Heuschmidek azaldu duenez azken bi hilabeteetan Mumiaren osasun egoera asko kaltetu da. Babak eta ultzera odoltsuak izan ditu, eta kartzelazainek emandako "okerreko tratamenduak" erreakzio gogorra eragin dio. "Bi astez ingresatuta egon da". Matxoaren 30ean shock diabetikoan sartu eta ospitalera eraman zuten Mumia. Bitarte horretan ez du informazioarik jaso ez familiak ez abokatuak ez larrialdietako bere kontaktuak. Apirilaren 1ean bisitatu ahal izan zuten, berriro ere Pensilvaniako kartzelara itzuli ostean. Bere osasun egoerak "txarra izaten jarraitzen duela" salatu dute Mumiaren senideek. Mina eta zutitzeko zailtasunak ditu oraindik orain.

Horregatik, mundu mailan Mumiari elkartasuna adierazteko astearen baitan, hainbat ekimen jarri dituzte abian, besteak beste, Mexiko, Frantzia eta Alemanian. Mumiak osasun arreta "egoki eta independentea" jasotzea dute helburutzat. Horretarako, "kartzeletara eta medikuei telefonoz deitzeko kanpainak" martxan direla gogorarazi du Andrea Heuschmidek.

Osasunagatik ez ezik Mumiaren segurtasunagatik ere kezkatua daude preso afroamerikarraren askatasuna eskatzen duten eragileak. Izan ere, egun kartzela arrunt batean dago. Andrea Heuschmiden arabera, Mumiak "etsai asko ditu", tartean "polizia ugari", Mumia kazetari zela "hainbat aldiz salatu baitzuen indar polizialen bortizkeria". Eta kartzela berean duela bi hile preso bat hil izanak are gehiago urduritzen ditu.  

Apirilaren 24an, 61 urte beteko ditu Mumiak, horietatik azken 34 urteak kartzelan eman ditu. Egun horretan elkartu ohi dira Euskal Herriko Mumiaren Lagunak Mirasol kondearen pasarelan Mumiaren askatasuna eskatzeko. Aurten, taldea oso indartsu ez dagoela eta, hitzordua ez da ziurra.

Wesley Cook du jatorri izena, eta 1954ko apirilaren 24an jaio zen, Filadelfian (Pennsylvania, AEBak); oso gazterik engaiatu zen beltzen eskubideen aldeko borrokan. 14 urterekin Pantera Beltzak ezkerreko alderdiarekin bat egin zuen, kazetari gisa jardunez. Gero, Move taldearen lagun egin zen. FBIren jomugan egon ziren bi mugimenduak, eta jazarpen gogorra jasan zuten, legez kanpoko baliabideak erabilita maiz; garai hartan, hainbat eraso jasan eta kide ugari hil zituzten.

1981eko abenduaren 9an Filadelfiako polizia baten erailketa leporatu zioten Mumiari eta "arrazakeriaz eta aurreiritzi politikoz betetako epaiketa" baten ondoren, heriotzaren Korridorera zigortu zuten. Nazioarteko elkartasun keinu ugariren ondoren, 2011ko urrian, Auzitegi Gorenak heriotza zigorra baliogabetu zion. 2014an baldintzapeko askatasunerako aukerarik gabeko bizi osorako zigorra ezarri zioten, "heriotzaren mehatxua mantenduz".

 

mumiaaske.wordpress.com

 

[2014/04/24] Mumia Abu-Jamal eta gainontzeko preso politikoen askatasuna galdegin dute

[2014/04/24] Mumia Abu Jamal preso afroamerikarraren askatasuna galdegingo dute eguerdian

[2012/12/14] Mumia Abu-Jamalen aldeko Black Party, gaur, Gazte Lokalean