Hainbat erakunderen egoitzetan banatu dute 'Dispertsioaren liburuxka'

uriola.eus 2015ko api. 17a, 13:30

Preso Politikoen Nazioarteko Egunean, gaur, apirilak 17, "egunero bezala", giza eskubideen errespetua aldarrikatu du Sare dinamika herritarrak. 'Giza eskubideak, konponbidea eta bakea' lelopean Dispertsioaren liburuxka-ren aleak banatu ditu Bilbon. Hain zuzen ere, instituzioei helarazi die liburuxka. Espainiako Gobernuko Orderkaritzan, Frantziako kontsulatuan, Bizkaiko Foru Aldundian eta Bilboko Udalean ale bana utzi dute Sarekideek.

200dik gora lagunek euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen bidean haien eta beraien senide eta hurkoen eskubideak errespetatuak izan daitezen aldarrikatzeko "giza-sarea" osatu dute gaur Bilbon. Asteburu honetan Euskal Herriko txoko ugaritan islatuko dute hainbat herritarrek "sarea ehuntzen doala". Ehundaka sarekideen ekarpen aktiboarekin, "gehiago izateko helburu garbiarekin lanean dihardugularik".

Egunez egun euskal presoen eskubideak "sistematikoki urratuak izaten ari dira" gaur Sarek kideek salatu dutenez, eta horiekin batera "beraien senideena ere". Ostirala izanik, "zenbat lagunek kotxea hartu beharko dute minutu eskas batzuetan haien hurkoekin egon ahal izateko milaka kilometroak egin behar izatea? Horixe da gaurkoan jendarte zabalaren ordezkariak direnenei adierazi eta helarazi nahi izan diegun ezinegona".

Izan ere, Eliptika plazan kokatua dagoen espainiar delegaritzan, Iparragirre kaleko Frantziar kontsulatuan, Bizkaiko Aldundian eta Bilboko Udaletxean Dispertsioaren liburuxka bana utzi dute Sareko kideek "errealitate honen berri emateko asmoz". Horrekin batera, "erreadiografia gordin baten idazki bat gehitu izan dugu non besteak beste espainiar delegaritzan preso gaixoen kaleratzea eskatuz eta bereziki, Ibon Iparragirre Burgoa preso gaixoarena eta Frantziako kontsulatuan Ibon Fernandez Iradirena hain zuzen ere". 

Asteburu berezia

Dispertsioaren amaitzeko eta preso gaixoen etxeratze azkarra eskatzeko Euskal Herri osoan ekimenak antolatu ditu Sarek. Gaurtik igandera arte herritarrek osatutako sarea indartu nahi dute: "Elkarrengana gerturatu gaitezen, egunero egiten dugun bezala euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubide guztiak errespetatuak izan daitezen, eta dispertsioarekin amaitu ahal izateko, ideiak trukatzea eta adostasunak topatzea".

"Saretik bizikidetzari eskua luzatu nahi diogu. Akordioari. Aurrera pausoak elkarrekin emateari gatazkaren konponbide justu bat topatzeko. Atea itxi nahi diegu konfrontazio eta aurkaritzan temati jarraitzen duten horiei", adierazi dute herri mugimenduko kideek.

 

Deustun  eta Indautxun

Larunbatean, apirilak 18, Deustuko Done Petri plazan Dispertsioaren liburuxka eskuratzeko eta Sarekide egiteko aukera izango da 12:00etatik 14:00etara. Igandean, hilak 19, Indautxun trikipoteoa egingo dute 13:00ean Kirruli tabernatik hasita.

sare.eus/ekimenak

 

[2015/04/17] Dispertsioarekin amaitzeko "giza-sarea"