TTIParen kontrako aldarria Bilboko kaleetan

uriola.eus 2015ko api. 20a, 10:01

Ecuador Etxea

Jendetza atera zen larunbat arratsaldean kalera TTIP akordioaren kontra protesta egiteko. Bilboko manifestazioa arratsaldeko 20:00etan abiatu zen Eliptika plazatik eta Arriagan izan zuen bukaera TTIP hitza kandelekin idatzi eta gero.

AEB eta EBren arteko merkataritza itunaren aurkako nazioarteko eguna izan zen larunbatean, apirilak 18, eta Bilbon, Baionan, Donostian eta Iruñean protestak burutu zituzten Euskal Herrian TTIPari Ez plataformak deituta.

Bilboko martxa 20:00etan abiatu zen Eliptika plazatik eta Bizkaiko hiriburuko hainbat kale zeharkatu ondoren Arriagan bukatu zen. Honetan, gizarte eragile eta sindikatuetako hainbat lagunek parte hartu zuten; eta bukaeran, TTIP hitza kandelekin irudikatu zuten Arriagako plazan.

Europar Batasunaren eta Ameriketako Estatu Batuen arteko Merkataritza eta Inbertsio Hitzarmenak (Transatlantic Trade and Investment Partnership–TTIP, ingeleseko laburtzapenean) "kezkatuta" ditu Euskal Herriko hainbat erakunde eta lagun. Ondorio "murriztaileak" izango dituela pentsatzen dute, interes publikoaren alde egindako lana "suntsituko duela". TTIP akordioaren kontra batera lanean ari dira azken urteotan Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozial, eta egunotan mahai-inguruak antolatu dituzte hainbat herri eta hiritan.

[2015/02/24] Troikaren eta TTIParen kontrako elkarretaratzea deitu dute ostegunean Bilbon

[2015/04/17] 'Argitasun martxa' deitu dute TTIParen kontrako nazioarteko egunean