Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera "lotsagarritzat" jo dute sindikatuek. Apirilaren 20ko osasun alorreko mahai sektorialean zuzendaritzako ordezkariek "inposaketa eta txantaia" erabili zutela adierazi du LAB sindikatuak.
Izan ere, 2011ko garapen profesionala "soilik ipiniko du martxan berriro" akordio sindikalik eskuratzen bada. Bestaldetik, beste hiru "gutxieneko punturen inguruan" ez zen aurrerapausorik izan: "Lan eskaintza publikoko plazen kopurua ez dute aipatu; ez dute onartzen ordezkapenak lehen egunetik egitea; ez daude prest jardunaldiaren luzapena bertan behera uzteko eta lapurtutako lizentzien inguruan ez dute ezer jakin nahi. Hori bai, mugikortasunaren terminoak inposatu nahi dizkigute".
Sindikatuek gogor kritikatu dute Osakidetzako zuzendaritzaren jarrera. Negoziazoak iraun bitartean, komunikabideetan "gezurretan eta deskalifikaziotan" aritzea leporatu diete zuzendaritzako kideei. LABen esanetan, "pentsatzen dute erabiltzaileok tentelak garela eta ez garela jabetzen gertatzen denaz eta zelan jaisten ari den Osakidetzan kalitatea. Gezurretan dabiltza ere soldata igoera eskatzen dugula diotenean".
Atzoko bilera "fartsa hutsa" izan zela adierazi du, besteak beste, LAB sindikatuak."Ulertzen dugu PNV urduri dagoela hauteskunde kanpainan gaudelako, baina zuzendaritza honela saiatu arren, pilota ez dago gure teilatuan".
Hortaz, gaur eta bihar, hilak 23 eta 24, 35.000 langile grebara deitu dituzte SATSE, ELA, LAB, ESK, SME-FFHE, CCOO eta UGT sindikatuek "Osakidetza publiko eta kalitatezkoa defendatzeko".