Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena "aplikatzen ez delako", hiru hiletan hiru salaketa jarri ditu LABek

uriola.eus 2015ko api. 21a, 13:14

Bizkaiko Foru Aldundiak herri lanetan Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena aplikatu beharrrean, "Kantabriakoa aplikatzen uzten duela" salatzeko LAB sindikatuak elkarretaratzea burutu du gaur foru jauregi aurrean.

LABek idazki bat erregistratu du Diputazioan, Unai Rementeriari, Lehendakaritza diputatuari, Zorrozako erresidentziako obretan gertatzen dena ezagutzera emateko, "PECUSA enpresa kantabriarrak obrako langileei Kantabriako hitzarmena aplikatzen diela", alegia.

Bai zaintza bai zigor sisteman arazoak daude LABen aburuz: "Hau gertatzen da instituzio publikoek hitzarmenaren baldintzen betetzearen zaintza bere gain hartzen ez dutenean. Enpresek herri lanetan zigorrik jaso gabe jokatzen jarraitzen dute".

Diputazioa jotzen du sindikatuak egoera honen "errudun", langileei aplikatzen zaizkien lan baldintza eta soldatak "kontrolatzeari utzi baitio". Langileek Bizkaiko hitzarmena ez aplikatzeagatik hilabetero 350 euro gutxiago kobratzen dituzte. Gainera, LABen iritziz Diputazioak "bere erabakiak jaten ditu", eta 2013ko urriaren 29ko Gobernu Akordioko Kontratazioko Jarraibideak adibidetzat jartzen ditu. Testu horrek bere 4.3.1. puntuan dio "lizitazio pleguek badutela lan kontuetan indarrean dagoen araudia betetzeko berariazko beharra".

Ez da Zorrotzako PECUSA enpresaren aurkakoa LAB sindikatuak aurkeztu duen kexa bakarra. Lan Ikuskaritzan beste salaketa bat aurkeztu du, hain zuzen ere, Basurtuko tanatorioko obretan, azpikontrata batean, "Errioxako eraikuntzako hitzarmena aplikatzen ari direlako".

Urtarrilaren amaieran, Eusko Jaurlaritzan Enplegu eta Etxebizitzako Sailburua zen Juan Maria Aburtori zuzendutako beste salaketa bat aurkeztu zuen LABek. Orduan, Bilboko Mirafloresen auzoan diru publikoarekin egiten ari den herri lanetan "Kantabriako hitzarmena aplikatzen uzten zuelako". Sindikatuak oraindik orain ez du erantzunik jaso.

Hiru hiletan, hiru salaketa

Bizkaiko Eraikuntzako hitzarmena "aplikatzen ez delako", hiru hiletan, hiru salaketa jarri ditu LABek. Hiru salaketa Lan Ikuskaritzan eta obrak sustatzen dituzten instituzioetan. "Hau da Bizkaiko obra pribatua zein herri lanetan bizi den egoera. Soldata murriztuak, lanaldi handiagoak, prekarietatea eta lan istripuak. Enpresariekin ados jarrita dauden eta jendarteari eta milaka langabetuei bizkarra emanda beste aldera begira dauden politikoak daude honen atzean".

Salaketa gogorrak luzatu ditu LABek agintari eta LAn Ikuskaritzaren aurka: "Gu gobernatzen jarraitu nahi duten politikoak dira prekarietate guneak sortzen ari direnak, diru publikoaz gizarte dumpinga erabiltzen duten enpresen kontura. Bizkaiko eraikuntzako hitzarmena ez aplikatzeak sortu duen egoeraren larritasuna hain handia denez Lan Ikuskaritzak jokatutako papera zalantzan ipintzera behartzen gaitu".

Gertakari hauek "erakusten dute" LAB sindikatuaren aburuz herrialdeko hitzarmenen baldintzak betetzea bermatzen duten "lan harreman berrien beharra". Ildo horretan, kokatzen du klausula sozialen aldeko LAB sindikatua erakunde publikoetan bultzatzen ari den kanpaina.