Ez dira isolamenduan preso dauden bilbotar bakarrak Arantza Zulueta eta Harriet Iragi, bai ordea ezarri dieten isolamendu motagatik "muturreko egoeran denbora gehien daramaten preso bizkaitarrak".
Hamalau hilabete "bakar-bakarrik" daramatza Arantza Zulueta abokatuak bere lagun Andone Soldevillak URIOLAri adierazi dionez. Lehenengoz Puerto de Santamariako kartzelan eta egun Estremerakoan. Beti ere presondegiko 'sarreretan', isolamenduko galerian. "Eguneko 24 orduak bakarrik emate ditu". Kartzelako funtzionarioekin eta janaria eramaten dion preso sozialarekin baino ez du harremanik. "Ezin du inorekin hitz egin". Patiora ateratzen denean ere bakarrik egoten da Arantza. Patio txikia da isolamendukoa. 14 urrats eman ditzake zabaletara eta lau luzetara. Denboraren zentzumena galduta du, "ordutegi finkorik ez duelako". Izan ere, apenas du ezer egiteko aukera, eta hortaz "ezi du eguna antolatu inolaz".
Arantza Zuluetak "debekatuta du dena". Ezin du Coca Colarik edan "baldintza askorekin ez bada". Ezin du senide eta lagunekin telefonoz hitz egin "funtzionario baten aurrean ez bada". Ezin du eskulanik egin, eta mugatuta ditu arropa eta liburuak. Andoneren esanetan isolamenduko baldintzak ez dira berdinak kartzela guztietan, eta Arantzaren kasuan, Puertoko kartzelan bizi baldintzak "gogorragoak" ziren.
2014ko urtarrilaren 8an atxilotu zuten Arantza Zulueta, EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboko bitartekaritza taldearen kontra eginiko polizia operazio batean. Orduan atxilotuetako zortzi lagunetatik bi baino ez daude egun kartzelan, Arantza eta Jon Enparantza, biak abokatuak. "Bakartutik eta neurri berezien pean" daude biak, "antzeko" egoeran Andoneren hitzetan.
Isolamendu egoera "guztiz legez kanpokoa" da Arantzaren lagun taldeak hainbat aldiz salatu duenez, baina isolamendutik ateratzea ez da kartzelako zuzendariaren esku dagoen erabakia, "Madrileko agindua da". Bai Arantza bai Jon "arriskutsuak ei dira Estatuarentzat EPPK-ko bitartekaritzat jotzen dituztelako". Jarrera horrek, baina, "gatazka konpontzeko Estatuak duen borondate eskasa baino ez du adierazten".
Hamabost urte isolamenduan
Ez du besterik ezagutu Harriet Iragik 2000. urtean ETAko kide izategatik atxilotu zutenetik. "Horrek esan nahi duenarekin", gaineratzen du Iragiren emazte Maider Visok: "Funtzionarioek bazekiten Harrietek zer egin zuen, eta hasieratik ordena jarri zuten. Zigor moduluan sartu zuten, vis a vis bisitak ukatu zizkiguten eta kexatzean 'son órdenes de Madrid' esaten ziguten".
Isolamendua bidegabekeriak ezkutatzeko eremua da Maiderren arabera, eta adibide modura aipatzen ditu "15 urte gogor hauetan Harrietek jasandako hiruzpalau jipioiak". Kordoban jipoi "basatia", Valdemoron eta Soto del Realen, eta egun dagoen Castellongo kartzelan ere izan ditu "liskarrak".
Harrietek isolamenduan bizi duen egoera, "bunker" deitzen dioten galeria berezian, "dauzkan mugengatik", "basakeria" da Maiderren esanetan. "Hormak baino ez ditu ikusten, ez du argirik". Bakarturik dago. Horregatik erabaki dute Castelloneko euskal preso politikoek, "zuzendaritzarekin nagoziatu ostean", txandaka 20 egunez isolamendua partekatzea Harrietekin, "latza izan arren 20 egunez jasango dutena".
"Mendeku gogoari" erantzuten dio isolamendu politikak. Maiderren ustez "Harriet bezala preso asko daude bakartuta", eta gaiaren dimentsioa kontutan harturik, "ez da auzitegietara iritsi". Izan ere, "ez da legeetan oinarritzen, aginduen baizik", eta aginduen ondorio dira "muturreko egoerak".
Presoarentzat ez ezik bere familiarentzat ere latza da isolamendua. Harriet eta Maiderren alabak bere aita isolamenduko bisita geletan baino ez du ezagutu. "Oso gogorra zen zazpi edo zortzi funtzionariok inguratuta kartzelako pasabideak gurutzatzea, oso egoera konplexua da hamar urteko ume batentzat". Adin txikiko bat tartean izanik, "planto egin" eta presondegiko zuzendaritzarekin baldintzak "negoziatuz joan gara". Esaterako, jostailuak direla edota familia argazkiak direla. Gauza arruntak salbuespen dira isolamenduan eta horregatik pasatu dira hamabi urte Harriet eta Maiderrek alabarekin batera argazki bat egin ahal izateko. Argazki "hauxe", dio Maiderrek hirukotearen erretratua erakutsiz.
Zulueta eta Enparantza libre uzteko eskatu dute berriro ere
Alfonso Zenon abokatuaren arabera ez dago "inolako arrazoi juridikorik" Zulueta eta Enparantza 2014ko urtarriletik preso egoteko. 2010ean ere atxilotu zituzten Zulueta eta Enparantza, eta behin-behineko askatasuna lortu bitartean espetxean egon ziren -hamar hilabetez Zulueta, zortzi hilabetez Enparantza-, orain leporatzen dizkieten delitu berak egotzita. Alfonso Zenonek nabarmendu duenez delitu berengatik prozedura bikoitza abiaraztea, oinarri juridiko guztien kontrakoa izateaz gain, kaleratzea oztopatzeko trikimailua ere badela, eta ez du baztertu, denboraren iragateak bi abokatuen kaleratzea behartzen badu, fiskaltza "ingeniaritza juridikoan eta froga berriak asmatzen" jardutea hori saihesteko.