Mediterraneoa "zirkulatzeko eremu librea"

uriola.eus 2015ko api. 24a, 09:00
Argazkia: @EcuadorEtxea

'Atzo Charlie ginen, gaur nor gara? Ni muertes ni fronteras' lelopean hainbat pertsona elkartu ziren atzo arratsaldean Moyua plazan SOS Arrazakeria elkartearen deiari erantzunez azken egunotan "Mediterraneoan hildako milaka lagunak gogoratzeko" eta erakundeei neurriak eskatzeko.

Joan den apirilaren 18an 700 pertsona ito ziren, joan den igandean, hilak 12, beste 400. Aurtengo lehen hiruhilekoak 1.100 biktima utzi ditu mediterranear itsasoan SOS Arrazakeria elkarteak emandako datuen arabera. "2013ko 3.500 heriotz eta desagerpenei eranstekoak". Zenbaki horien aurrean honakoa da elkarteak plazaratu duen galdera: "Noiz arte luzatuko da migrazio politiken aldarean eta EBeko mugen itxieran galdutako giza bizitzen erreska?".

Bizkaiko SOS Arrazakeria elkarteak gogor salatu ditu Mediterraneoan azken egunotan gertatuko heriotzak 'Ez heriotzik, ez mugarik' izeneko komunikatuan. "Dramatzat" jo du egoera, eta dramaren jatorria Siria, Eritrea, Libia edota Sudaneko gatazketatik asilo eta babes bila ari diren horiei "EBk ezarri dien sartzeko debekura" mugatu du.

"Europako Batasuna tematuta dago harresiak eta txarrantxak jasotzen, itsasontzi militarrak hedatzen, lan horietan ehun milioi eurotik gora inbertituta, etorkin eta errefuxiatuentzako gaindiezinezko horma bat altxa nahian asmo ustelarekin. Aspaldi ikusi dugu emaitza: hamarnaka milaka hildako. Hementxe, gure atarian. Turistez betetako hondartza horien ertzetan. Eta bere ardurei ihes egin nahian, Europako Batasunak mafia eta trafikatzaile eskrupulu gabeei leporatzen die gertatzen ari denaz errua. Baina zeinek utzi du gauzak horrela gerta daitezen? Politika komunitarioek, ez dutelako beste biderik uzten bertara iristeko.

Erabateko aldaketa eskatzen dugu jatorriko herrialdeetan EBean sartzeko bisak ematerakoan. Dublin III araua bertan behera uztea eskatzen dugu, ez delako batere solidarioa eta asilo eskubidearen izpirituaren aurkakoa".

Fronteren itxiera politikan aldaketa "sakona" eskatzen du SOS Arrrazakeria elkarteak: "Mediterraneoa zirkulatzeko eremu libre bihurtzea, ez soilik merkantzientzat, batik bat pertsonentzat". Elkarteak badaki, "saihestezina" dela, eta "iritsiko dela" mugak zabaltzeko unea. "Bitartean pasako den denbora, eta ordura arte izango diren biktimak, ekidinez ari diren politikarien erantzukizuna izango da". 

 

www.sosracismo.org