Gaurko Athleticen eta Realaren arteko derbia baliatuta, Iñigo Cabacasen eta Aitor Zabaletaren aldeko omenaldi bateratua antolatu nahian ibili dira bi zaleen senide eta lagunak. Biak omendu nahi dituzte, eta horretarako Athleticeko eta Realeko zuzendaritzekin hartu-emanetan ibili dira.
Klubek ezer jakitera eman ez badute ere, baliteke, partidua baino lehen jokalariek keinuren bat egitea Cabacas eta Zabaletari.
Ziurra dena kalejira da. 22:00etan hasiko den partidua baino lehen, 21:00etan, kalejira antolatu dute. 'Cabacas, Zabaleta beti gogoan' lelopean Kirruli elkartetik abiatuko da kalejira Sabino Arana etorbideraino.
2012ko apirilean Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek hil zuen Cabacas athleticzalea. Zabaleta, berriz, Frente Atleticoko jarraitzaileek hil zuten, 1998an, Madrilen.