EH Bildu: "Euskarak Bilbon politika ausarta, integrala, 1. mailakoa eta inbertsioa behar ditu"

uriola.eus 2015ko api. 28a, 14:21

Gabriel Aresti hil eta 40 urtera berpiztu da gaur. Bilboko kaleetan ibili da eta harritu egin da euskara gutxi entzun duelako. EH Bilduko Alba Fatuarte eta Xabier Landabideak azaldu diote euskara egun zertan den Bilbon, eta zein bide orri proposatzen duen koalizioak euskalduntasun urbanoa garatzeko.

Bilbo euskalduntzeko "egiazko urratsak" egiteko garaia da, hitzetatik konpromisora igarotzeko ordua, "aitzakia merkerik eta luzamendurik gabe". Eta bide horretan urrats "sendo eta atzeraezinak egiteko", EH Bilduk proposaturiko "bide orriak" jasotzen dituen proposamenak aurkeztu dituzte gaur Alba Fatuarte eta Xabier Landabideak, 40 urteren ondoren berpizturiko Gabriel Arestiren laguntzaz.

Euskalduntasun urbanoa garatzeko bidean, "ezinbestekoa izango da politika ausarta egitea, integrala, lehen mailakoa, tamaina horretako inbertsioak eginez". Horregatik, Euskara Saila Alkatetzatik bertatik kudeatzea planteatzen du EH Bilduk. Eta Euskara Sailaren "jardunbide osoa gainerako sailetan txertatzea".

"Euskararen Plan bat diseinatu eta garatuko dugu horretarako". Plan horren urratsak ondoko hauek izango dira: "Bilbon bizi garen 90.000 euskaldunon eta ikasten ari diren guztien hizkuntza eskubideak bermatuko dituen Euskararen Ordenantza sortzea, euskalgintzako komunitateko eragileek eta udaleko ordezkariek osaturiko batzordea eratzea eta euskararen ezagutza eta erabilera sustatzeko programak abian jartzea.
Euskararen Mapa egitea planteatzen dugu, halaber. Arnasguneak identifikatzeko eta horiek babesteko eta indartzeko batetik; eta Bilbon euskararentzako espazio berriak sortzeko prozesuak diseinatzeko, bestetik. Azken horren barruan sartuko genuke euskararen ezagutzarako behar adina inbertsio egitea. Hau da, dauden baliabideak indartzea eta falta direnak ezartzea, kontzientziazio kanpainen bitartez gero eta bilbotar gehiagok egin dezaten beren burua euskalduntzeko hautua, eta horretarako aukera eta laguntza zabala eta erreala izan dezaten".

Euskaraz ikasteko aukera, auzo guztietan bermatu nahi du EH Bilduk. "Gezurra dirudien arren, euskarazko hezkuntzarako eskubidea ez dago bermatua Bilboko auzo guztietan". Otxarkoagan, esaterako, "ez dago euskaraz ikasteko aukera eskaintzen duen hezkuntza zentro bakar bat ere". Horrenbestez, egungo auzoen beharrei erantzunez, Eskola Mapa berritzea planteatzen du, "euskaraz ikasteko eskubidea ziurtatuz".