Auzorako planik izan ezean alderdiak "ez bozkatzeko" deia zabaldu dute Bilbo Zaharreko elkarteek

uriola.eus 2015ko api. 28a, 13:10

Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Elkarteen Koordinakundeak kanpaina jarri du abian, maiatzaren 24ko udal hauteskundetan Bilboko Udalera aurkeztuko diren hautagaitzen jakinarazpenarekin bat. "Gure auzoetako egungo egoera salatzeko kanpaina da, eta bide batez alderdiei arreta deitzeko modua lehentasunez eta era integralean beharrizanei erantzun diezaieten". 

Erakundeen jarregatik, "batik bat" Udalarena, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala auzoek "utzikeria egoera larria" bizi dutela salatu dute auzo elkarteek. Ondorio zuzenak izan ditu utzikeriak, auzotarren "zati handi batek" bazterketa egoera bizi du edota bazterketatik hurbil dagoen egoera.

Datuak argigarriak dira. Langabezia tasa %40tik gora dago aipatutako auzoetan, gazteen artean %60koa da, eta langabeen artean ia erdiak ez du "inolako prestaziorik jasotzen"; 1.000 etxebizitza eta 638 lonja huts daude; 10.823 eurokoa da bizilagunen batezbesteko urteko errenta. Zenbaki horiek kontutan hartuta, honako galderak egin dituzte Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako auzokideek: "Zein itxaropen izan dezake gure auzoak? Eta gure auzokideek? Ez al dira datu nahikoa sakoneko esku-hartzea mahaigaineratzeko?".

Maiatzaren 24ko udal hauteskundeetan Bilboko Udalean aurkeztu diren alderdi guztiei emandako datuok aztertu eta galderak erantzuteko eskatu diete auzo elkarteek. Alderdiek defendatzen duten hiri ereduan Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalak "zein pisu" izango duten jakin nahi dute auzotarrek, eta zein "neurri zehatz" proposatzen dituzten. "Euren erantzunen menpe egongo da gure auzuneetan izan dezaketen babesa edo gaitzespena", adierazi du koordinakundeak.


'Ez eman botorik', kanpaina
Apirilaren 27an, astelehenarekin, ekin zioten auzo elkarteetako kideek 'Ez eman botorik' kanpainari. Kalean kartelak eta sare sozialetan mezuak eta bideoak zabaldu dituzte. Kanpainarekin "alderdiei deia luzatu nahi diegu auzoak hobetzeko proposamenak egin ditzaten". Bide batez, auzokideak kontzientziatzea dute xede "alderdiak presiona ditzaten".

Maiatzaren 7an, hauteskunde kanpainaren hasiera ostean, kalera aterako dira Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako auzokideak kexak ez ezik proposamenak zabaltzera. "Pertsona orok du oinarrizko beharrizanak asebeteta izateko eskubidea; nahikoa baliabide ekonomiko, elikagaiak, etxebizitza eta zerbitzu publikoak bermatuta izateko, hala nola, hezkuntza, osasun eta gizarte mailako zerbitzuak. Ongizate kolektiboa sustatuko duen ingurunea izateko eskubidea du auzo orok. Baina, hiri honetan, gure auzoetako bizilagunentzat ez da horrela".

Langabeziaren aurrean 'txoke' plan bat behar dutela adierazi dute auzo elkarteek: "Batik bat, formakuntza eta enplegu planak gazte eta emakumeentzat". Aisialdi eta Kultura arloan, "ekimen alternatiboak sustatu" nahi dituzte eta, ekonomia arloan, "gizarte-ekonomia elkartasun-ekonomia proiektuak garatu". Asmo horiek gauzatu ahal izateko auzoetako "lonja hutsak eskatzen ditugu", bereziki Udalarenak direnak.

Finean, auzotarrentzako "justizia soziala eta eskubide sozialak" aldarrikatzen dituzte koordinadoratik. "Pertsona ororentzat hiri barneratzaileagoa, parte-hartzaileagoa eta solidarioagoa exijitzen dugu. Gure eskubidea da".

www.barriosaltos.net