Homofobia "nonahi" agertzen da, eta Europako Justizia Auzitegiaren epaia instituzioetan "sakon txertatutako homofobiaren erakusgarri" da LABen iritziz. Horrekin batera "ezin dugu ahaztu kalean, lantokietan... egunero gertatzen dena. Duela gutxi ezagutu dugu Euskal Herrian 2014. urtean gertatutako gorroto-erasoen gorakada, haien artean, eraso homofoboena".
LAB sindikatuak jendartean eta lantokietan homofobia, lesbofobia, transfobia eta orohar, sexu orientazio zein genero identitate ezberdinen aurkako "eraso eta diskriminazioekin amaitu eta desagertarazteko konpromisoa" berretsi nahi izan du, "jendarte anitzaren aldeko apustua egiten dugu", adierazi du komunikatu batean. Apustu honen atzean dago, "heteropatriarkatuak bultzatzen dituen estereotipo, aurreiritzi eta oztopoak gainditzeko aldarrikapena eta LGTBI pertsonen zapalkuntza eta eskubide ukapenen aurkako borroka".