Bilboko Udalak 35.000 euroko larrialdietako laguntza emango du Nepaleko hiriburua, hau da, Katmandu bailara, suntsitu zuen Ritcher eskalan 7,9 graduko lurrikararen ondorio larriak arintzen laguntzeko. Horrela, Unicef GKEk erantzun azkarra eta berehalakoa eman gura die umeengan eta familiengan eraginik handiena izan duten guneetako larrialdiei, batez ere honakoak eginda:
· Edateko, kozinatzeko edo garbitasunerako ura emanda eta gaixotasunak kutsatzea saihestuta, higieneari buruzko sentsibilizazioaren eta prestakuntzaren bidez.
· Janari terapeutikoak edo osagarriak banatuta, amei lagunduta bularreko esnea eta gainerako elikagaiak eman diezazkieten umeei.
· Kalterik handienak jasan dituzten guneetan zinka eta ahozko hidrataziorako gatzak eta elgorriaren eta errubeolaren aurkako txertoak banatuta, gaixotasun horien agerraldirik gerta ez dadin.
· Babesik gabe geratu diren adingabekoak topatuta eta taldeka batuta eta laguntza psikosoziala eskainita.
· Eskolako adinean dauden (4-18) umeentzat aldi baterako irakaskuntza-espazioak jarrita lurrikararen eraginpeko aldeetan, bizimodu ahalik eta normalena egin dezaten.
Kaltetuak
Nepaleko Gobernuak larrialdi-egoera ezarri du lurrikarak astindutako 35 barrutietan eta laguntza humanitarioko klusterrak ere jarri ditu abian (sektorekako koordinazio-taldeak). Milioi bat inguru umek nozitu dute hondamendia eta premiazko laguntza behar dute.
Hauek dira kalterik handienak pairatu dituzten barrutiak: Sindulpalchowk, Kavre, Nuwakot, Rasuwa eta Dhading, erdialdeko eskualdean. Alde horietan 1.326.573 pertsonak izan dituzte kalteak, horietatik 693.190 emakumeak dira, 107.158 bost urtetik beherako umeak eta 691.775, berriz, 18 urtetik beherakoak.
Katmandutik ekialdeko lurretan 60tik gora erreplika izan dira (batzuk 6,7 gradura iritsi direnak) eta, horrek, egoera are larriagoa bilakatu du eta gertu diren euriteek ere zaildu egingo dituzte laguntza emateko lanak. Pentsatzekoa da hildakoen eta zaurituen kopuruak (1.900 eta 5.000 hurrenez hurren) gora egingo duela informazioa zabaldu ahala.
Aterpea: premiarik behinena
Ezbeharra gertatu ondoren, UNICEFeko ekipoak Bhatkapur-era, Katmandu bailarara eta Lalitpur-era abiatu ziren, egoera ebaluatzera. Desplazatutako familia gehienak, Katmandu aldean batik bat, kanpamenduetan daude gaur egun, batzuk Katmandu erdian eta beste batzuk hirian sakabanatuta. Antzeko egoera aurkitu zuten Bhaktapur-en; hemen, lurrera jausita daude antzinako tenpluak.
Aterpea da lebarik handieneko premia: umeek eta familiek kalean egiten dute lo eta karpak eta plastikozko estalkiak behar dituzte, euritik, egunez eguzkitik eta gauek hotzetik babesteko. Urik, saneamendurik eta higienerik eza ere problema itzela da, ur garbiko iturririk eta komunik ez dagoelako eta horrek, jakina, gaixotasunak harrapatzeko arriskua dakar.
Lehendiko egoera ere larria
Lehendik ere larria zen testuinguruan gertatu da hondamendi hau: lurrikara baino lehen, Nepaleko umeen %41ek desnutrizio kronikoa jasaten zuen, %65 saneamendu barik eta umeen salerosketaren eta bestelako indarkeria mota batzuen tasak ere handiak. Egoera hori are larriagoa izan daiteke, ezbehar honen ondorioz. Ezinbestekoa da azkar jardutea.
Bilboko Udalak 150.000 euro baino gehiago bideratzen ditu urtero emergentziazko laguntzetarako (iaz diru-kopurua 163.511 eurokoa izan zen), Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailak lankidetzarako duen aurrekontuaren %8 hain zuzen.