Bilboko alkate ohi Jon Castañares hil da

uriola.eus 2015ko mai. 6a, 17:47

Argazkia: EAJ

Diktadura osteko lehen alkatea izan zen. 1979ko udal hauteskundetan eskuratu zuen alkatetza EAJrekin. Karguan eman zituen lau urteetan udal egiturak berritzen ahalegindu zen. Bilbotar askok gogoan dute Castañares, besteak beste, liburu erreketa agintzeagatik edota Aste Nagusiaren antolaketa bereganatzeagatik.

Dolu ikur gisa, udaletxe ondoan, Ernesto Erkoreka plazan dagoen Bilboko bandera gaur eta bihar masta erdira zintzilikatuta egongo dira. Errekaldeko batzokian ere ikurriña masta erdian dago. Asko izan dira EAJ eta EA alderdietako kideen dolu mezuak Castañaresen heriotzaren berria zabaldu denean.

90 urte zituela hil da gaur Jon Castañares. Lau urte eman zituen Bilboko alkate. Testuinguru politiko eta sozial asaldatuan iritsi zen udaletxera, 1979an, eta aurreko udal frankisten egiturak modernizatzea egokitu zitzaion. Bilboko Udalaren egoera ekonomiko latza suspertzea izan zen bere erronka nagusia.

1983ko hauteskundetan EAJk ez zuen Castañares babestu, eta bere bankario lanpostura itzuli zen. 1986an EA alderdiaren sorreran parte hartu zuen eta 1989an Europako Legebiltzarrerako hauteskundetan ordezko aurkeztu zen EAren hautagaitzan.

Liburuen erreketa

Bilboko Udalak antolatu zuen lehen ipuin lehiaketako gaztelaniazko lan irabazlearen aleak -1.500 ale- erretzeko agindua eman zuela, aipamen lizunak zituelakoan, gogoratuko dute zenbaitek. Castañaresek erreketaren arduradun aurkeztu zen arren, erabakia langile batek hartu zuela adierazi zuen berak.

Aste Nagusiaren bereganatzea

1980an Aste Nagusiaren antolaketaz jabetzen ahalegindu zen Castañares hainbat talde kanpoan utziz. Gatazkaren ondorioz bi jai batzorde izan ziren urte hartan. Bata, EAJko zinegotziek bakarrik osatutakoa eta, bestea, konpartsek eta hainbat eragilek osatutakoa. 1980an Bilboko jaietan Marijaiak ez zuen parte hartu, ez txupinerak, ez konpartsek. Ez zen zapirik izan, ez parte-hartze herrikoirik.

1981ean Jai Batzorde Misto Paritarioa eratu zen.