Bizikletaren aldeko konpromisoa

uriola.eus 2015ko mai. 8a, 10:48

Bilboko Udalak 1998tik aurrera "bizikletari dagokionez" hartutako akordio eta erabakiak aztertu ostean, bizikletaren egungo egoera Bilbon "eskasa" da Biziz Bizi elkartearen arabera. Alderdi politikoei azterketaren emaitzak bidali eta mahai inguru batean parte hartzeko gonbita luzatu die elkarteak "haien proposamenak azal ditzaten". Maiatzaren 17an ospatuko den Bizikleta Egunean parte hartzera ere gonbidatu ditu alderdiak.

Euskal Autonomia Erkidegoaren hiru hiruburuetako datuak "konparatzea besterik ez dago" Bilbon bizikletaren egungo egoera aztertzeko. Donostia eta Gateizekin alderatuta, bizkletan egiten diren eguneroko joan-etorriak askoz gutxiago dira Bilbon eta bizikleta bideen sarea askoz murritzagoa da. Diferentzia honen arrazoia "udal ezberdinetan gauzatu diren udal politikak dira" Biziz Bizi elkartearen esanetan.

 

Mugikortasunaren gestioa Zirkulazio eta Garraio Sailetik kudeatzen da Bilbon, bizikletarentzako azpiegiturak, Obrak eta Zerbitzuak Sailetik; eta bizikletaren erabilera bultzatzeko ekimenak eta planen diseinua, Ingurumen Sailetik (Obrak eta Zerbitzuen Sailaren barruan kokatua gaur egun). "Sakabanatze honek" proposamenen arteko "deskonexioa ekarri du, eta proiektuak ez dira gauzatu". Ondorioz, bizikletaren erabilera bultzatzeko onartu diren planek "oso garapen txikia izan dute edo hasi ere ez dira egin".

Biziz Bizik burututako azterketaren arabera, Hiri-mugikortasun eta Segurtasun Planetan "bizikleta ez da kontuan izan". Gaur egun bizikleta bideen egoera "konexiorik gabeko bidegorri multzo bat besterik ez da. Seinaleztapen eskasa, mantenurik gabea eta teknikoki gaizki eraikiak. Biziketak uzteko tokiak urriak dira eta, gainera, ez dira batere seguruak, eta bizikleta-erabiltzaileen taldeentzat eta bizikletarekin zerikusia duten sektoreetzat ez dago partehartzeko gunerik".

Iturria: OCU erakundea, 2014ko uztailean argitaratutako datuak

 

Bizikletaren aldeko konpromisoa

2015eko Udal Hauteskundeetan Bilboko Udalerako aurkeztuko diren alderdiei 11 puntuko dokumentua helarazi die Biziz Bizi elkarteak. Bizikletaren aldeko konpromisoa eskatzen die dokumentuak "gaur egungo egoera aldatu eta Bilbon bizikletaren erabilera garraiobide gisa bultzatzeko". 11 proposamenak honakoak dira:

· Bizikletaren Mahaia sortzea

· Mugikortasun ziklistaren kudeaketa aldatzea Lan eta Zerbitzu sailetik Zirkulazio eta Garraio sailera

· Bizikleta hiri-mugikortasun jasangarriaren planen barruan sartzea

· 2007ko Bilboko bizikleta-bideen Plan Berezia berrikustea eta 2015eko egoerara egokitzea

· Bizikletari lehentasuna ematen dion 'Calles 30' ekimenarekin bat egitea Udalbatzaren akordioaren bidez

· Bizikleta eta garraio publikoa batera erabiltzea erraztea, goiko auzoetarako irisgarritasuna errazteko

· Herri lanen plangintza egiterakoan bizikleta kontuan hartzea

· Bizikletetarako aparkalekuak sustatzea

· Bizikletaren erabilpena bultzatzeko kanpainak egitea

· 'Bilbon Bizi' zerbitzua hobetzea

· Aldundiarekin elkarlanean, aldameneko udalerriekin loturak lehenestea eta ahalbidetzea

 

www.bizizbizi.org