Bilbao Art District-ek sormenez eta kulturaz beteko ditu Bilboko kaleak. Hiriko arte konprometitu eta abangoardistenak, errebindikazio kutsua dutenak eta gaur egungo une politiko eta sozialari buruzko aipamenak egiten dituztenak izango ditugu gaur eta bihar, Arteen Asteburuaren III. edizioan. Oraingo honetan, pertsonak izango dira protagonistak; museoak, erakusketa-gelak eta galeriak izango dira erreferentzia-zentroak, baina baita kaleak, kaleetako hormak eta hiri-altzariak ere. Hiriko espazio zabal guztiak bihur daitezke artearen adierazgarri.
Bilbao Art District hiriko ekimen estrategiko bat da; Bilboko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dute, Guggenheim Bilbao Museoarekin, Arte Ederren Museoarekin, Bilboko Itsasadarra Itsas Museoarekin, Rekalde eta Ondare aretoekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin elkarlanean. Hiriko arte-galeriak dira proposamen horren motorra; urtez urte jarraitzaileak irabazten ditu, eta haren lehentasunezko helburua, besteak beste, kulturarekiko pasioa sustatzea eta gazteenengan bildumazaletasunari buruzko interesa piztea da. Era berean, Bilbao Art District-ek Iberdrolaren eta BBVAren partaidetza dauzka, bai eta Zabalguneko merkataritzaren eta ostalaritzaren konpromisoa ere, Arteen Asteburuarekin bat egiten baitute, beren establezimenduak sorkuntzarako zabalduz eta “pintxo artistikoak” zein “uztartze bereziak” eskainiz.
Pertsona guztientzako artea kalean
“Arteen Asteburuaren” III. edizioak jarduera-programa oso bat aurkeztuko du, ehun proposamen baino gehiago dituena, pertsonak protagonista eztabaidaezinak izan daitezen eta hiriko kaleak haien sormena adierazteko agertoki aproposa izan daitezen. Artista entzutetsuek ibiltariak eta publikoa obran parte hartzera gonbidatuko ditu, pentsamenduan, gogoetan, ideietan eta ekintzan oinarritzen den ikuspuntu kritiko batetik.
[2015/05/12] Sarrera doan Museoen Nazioarteko Eguna dela eta