"Txirrindularen alde" 20 urte lanean darama Biziz Bizi Bilboko Hiri Txirrindularien Elkarteak. Maiatzaren erdialdean urtero antolatu ohi du Bizikleta Eguna. Aurten, igandean, hilak 17, finkatu du ospakizun eta aldarrikapen eguna. Bizikleta Egunaren helburua "hiri-mugikortasun eredu jasangarria lortzea" da. "Bilboko kaleetan bizikleta presente egon dadila nahi dugu, eta bizikletari dagokion espazioa eskatu, baina beti ere autoen kaltetan, inoiz ez oinezkoen kalterako", adierazi dute elkarteko kideek.
Igandeko egitaraua guztiz osatuta ez badago ere, ekintza nagusia zehaztuta dago: Bilboko kale nagusietan zehar "ibilbide erreibindikatiboa". Biziz Biziko kideen arabera "jai giroan egingo dugu eta adin tarte guztiko jendearentzat". 12 kilometroko martxak 12:00etan izango du hasiera Arriaga plazatik. Goiztiarrenek, 11:00etatik aurrera arnasketa tailerrean eta trebetasun probetan parte hartzeko aukera izango dute.