Espainiako Auzitegi Nazionalak, 2015ean "oraindik", lan politikoa egiteagatik "euskal herritarrak espetxeratzen jarraitzen du", change.org atarian atzo argitara eman zuten testuak dioenez. "Dena ETA da aitzakiapean, hainbat urteko zigorra ezarri diete askori. Gehienetan torturapean egindako deklarazioak dira froga bakarrak. Oraindik ehunka herritar daude epaiketa zain. Herri harresia eraikitzen ari gara atxiloketa hauek dakarten ezkutuko biolentzia ikustarazteko eta herri gisa epaiketa politikoei erantzuteko".
Horregatik, eskabidearen arabera, "norbanakoen konpromisoetatik, konpromiso kolektiboetara pasatzeko unea da", eta honakoa eskatzen diete Euskal Herriko erakunde publikoei: "Herri harresi honen parte izan daitezela eskatzen diegu. Erabaki judizial hauek herri honen elkarbizitzarako traba direla pentsatzen dugunok gehiengoa gara herri honetan".
Atxikimendua sinatu duten 2.600dik gora lagunek udalei, aldundiei, Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari "pausoak eman ditzatela epaiketak eta atxiloketak gelditzeko" eskatu diete. "Atxiloketa politiko injustu hauekin herri gisa erantzunez bakarrik amaituko dugu".
Segiko kide izateagatik seina urteko espetxealdia betetzera zigortu dituzten zazpi gazteetatik hiruren aldeko -aske dauden bakarrak- Gasteizko Herri Harresiaren karietara jarri zuten martxan 'Eman pausoak epaiketak eta atxiloketak gelditzeko' eskabidea.