Bilbao Kirolakek 2.300 plaza baino gehiago eskainiko ditu Udako Udalekuetarako

uriola.eus 2015ko mai. 21a, 09:00

Bilbao Kirolakek 'Udan primeran, kirola eginez' programan izena emateko epea datorren asteartean zabalduko du, maiatzaren 26an hain zuzen abonatuentzako txanda izango da, eta maiatzaren 28an abonatuak ez diren pertsonentzat. Izapideak www.bilbaokirolak.com web orrialdearen bitartez egin daitezke, baita kiroldegietan ere.

Programak 2.382 plaza eskaintzen ditu aurten 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat eta 13 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. San Inazio kiroldegian, 6-8 plaza erreserbatu dira arazo funtzionalak dituzten lagunentzat. Artxanda, San Inazio eta Txurdinaga kiroldegiek 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzenduriko jarduerak hartuko dituzte. 13 eta 17 urte bitarteko gazteek aldiz, Errekaldeko kiroldegian gozatu ahal izango dute programa honetaz.

Txandak hurrengoak dira: ekainaren 22tik 26ra, ekainaren 29tik uztailaren 3ra, uztailaren 6tik 10era,  uztailaren 13etik 17era eta uztailaren 20tik 24ra arte. 6 eta 12 urte bitarteko umeentzat zuzendutako programan beste bi txanda gehiago zabalduko dira San Inazioko eta Txurdinagako polikiroldegietan, uztailaren 27tik 30era eta abuztuaren 3tik 7ra arte, hain zuzen ere. Ordutegia, kasu orotan, goizeko 9:00etatik 14:00etara izango da. Haurrak jasotzeko zerbitzua ere jarriko da abian goizeko 8:30etik aurrera eta itzulera 14:30ean izango da, Errekaldeko polikiroldegian izan ezik.

Partaideek hainbat jardueratan parte hartuko dute: taldekako kiroletan (saskibaloia, hockeya, voleibola, eskubaloia, aretoko futbola), Pilotan, Herri Kiroletan, uretako jokoetan eta igerilekuan, herri jokoetan, padelean (Artxanda eta San Inazio), tenisean (Artxanda, Errekalde, San Inazio eta Txurdinaga), patinaje, eta bestelako jarduera osagarrietan. Jarduera guztiak izango dira euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Prezioak

Abonatuentzako prezioa 50 eurokoa izango da asteko eta 60 eurokoa abonatuak ez direnentzat. 6 eta 12 urte bitarteko programari dagokionez, uztailaren 27 eta 30 bitarteko asteko prezioa 40 eurokoa izango da abonatuentzat eta 48 eurokoa abonatuak ez direnentzat.

Familiek dirua aurrezteko helburuarekin, Artxandako kiroldegira igotzeko autobus zerbitzua aukerakoa izango da (astebete, 20 euro). Autobusak 8:30ean hasiko dira parte-hartzaileak jasotzen eta etxera itzultzeko irteerak 14:00etatik aurrera izango dira. Autobusen ibilbide eta geldialdiak beharren arabera antolatuko dira.