Sei alderdik lortu dute ordezkaritza Bilboko Udalbatzan, 1999tik gertatzen ez zena. Horietatik lau ezkerreko indarrak dira. Beraz, ezkerrerako joera gertatu da Bilbon.
1995etik bigarren postuaren jabe zen PP alderdiak behera egin du nabarmen –10.000 boto gutxiago 2011ko datuekin alderatuta–, laugarren postura. EH Bilduk lortu du bigarren indar izatea, sozialistek eta popularrek baino 3.000 bozka gehiago lortuta. Hala ere, berdinketa gertatu da zinegotzi kopuruan, hiruek eskuratu dituzte launa zinegotzi.
Bigarren izan zitezkeen UdalBerri eta Ganemos euren arteko desberdintasunak eta zatiketak alde batera utzi izan balituzte. Bina zinegotzi eskuratu dituzte Bilboko Udalera aurkeztu diren lehen hauteskundetan. Bien batuketarekin EH Bilduk eskuratu dituen 22.705 bozka baino 1.487 sufragio gehiago lortzeko aukera galdu dute. Ahal Dugu alderdi ofizialaren babesa duen UdalBerri-Bilbao en común koalizioak 3.024 bozka gehiago jaso ditu Sí se puede-Ganemosek baino.
Iturria: @naiz_info
Juan Maria Aburto alkate
Iñaki Azkunak 2003an eta 2007an eskuratu zituen 13 zinegotzien marka berdindu du Juan Maria Aburtok bere lehengo hauteskundetan. 63.637 papeleta, hain zuzen ere. "Hiriko 314.000 auzokideren eskaera eta beharrizanei erantzuteko gobernatuko dut", adierazi du bere lehen agerraldian. Oposizio heterogeneoa izango du aurrean Aburtok hurrengo legegintzaldian. "Bihar –gaurgatik– lanean hasi beharko dugu egonkorra izango den gobernua osatzeko eta aliantzak lortzeko". Azken bi legegintzaldietan bezala, EAJk sozialisten babesa jaso dezake aurrekontuak hitzartzeko –beharrezkoa ez zuen arren–. Bakarka ere goberna dezake eta unean uneko akordioak adostu.
Zinegotziak
Ibon Aresoren taldeko bost zinegotzik bakarrik jarraituko dute Aburtoren taldean: Itziar Urtasun, Marta Ajuria, Asier Abaunza, Oihane Arregoitia eta Tomas del Hierrok. EAJko zinegotzi berrien artean badira lehenago Udalean zinegotzi izandakoak, Nekane Alonso eta Rikardo Barkala, hain zuzen ere. Iñaki Azkunaren hurbileko izan diren Jose Luis Sabas eta Ibone Bengoetxeak esaterako agur esan diote Bilboko Udalari urte askoren ondoren.
EH Bilduk, Aitziber Ibaibarriaga zerrendaburua izan ezik, gainerako ordezkariak berritu ditu. Lander Etxebarria –zinegotzi izana–, Alba Fatuarte eta Bruno Zubizarretak eskuratuko dute kargua.
Sozialistek aurpegi berri bakarra izango dute. Alfonso Gil, Yolanda Diez eta Goyo Zurro orain artekoei Ines Ibañez batuko zaie Jose Lorenzoren ordez.
Popularrek bi zinegotziri eutsiko diete, Beatriz Marcos eta Oscar Fernandezi, eta bi zinegotzi berri hartuko dituzte, Carmen Carron eta Luis Egiluz. Egiluzek, PPko zerrendaburua atzoko hauteskundetan, bi legegintzaldi eman zituen Bilboko Udalbatzan zinegotzi gisa, Antonio Basagoitiren esanetara.
Indar berrien artean aurpegi berriak dira denak. UdalBerri-Bilbao en común koalizioan Carmen Muñoz eta Amaia Arenalek ordezkatuko dituzte Ezker Anitza-IU, Equo, Alternativa Republicana eta Podemos-Ahal Duguren interesak.
Sí se puede-Ganemos plataformak (Podemos-Ahal Dugutik jaioa) tinko eutsi dio beste sigla batzuekin bat egiteko ukoari. Francisco Samir Ladhou eta Maria Concepcion Garcia izango dira Bilboko Udalbatzan Ganemosen ordezkariak.
IBAIZABAL: Hauteskundeen emaitzak aztertzen
Josu Larrinaga soziologoa eta Jabi Zabala kazetariarekin atzoko hauteskundeetako emaitzak aztertu dituzte Bilbo Hiria Irratian, alderdien balorazioak, emaitzen zergatiak, joera nagusiak, herriz herri soma daitezkeen tokian tokiko aldaerak, bitxikeriak… Bilbo eta Bilboaldetik abiatuta, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Araba gainetik ibili dira hegaz, batzuen eta besteen oraingo eta lehengo emaitzak alderatzen.
Gehiengo "erosoa" eskuratu du Aburtok Josu Larrinaga soziologoaren arabera. Behar ez dituen arren, EAJk aliatuak bilatuko dituela uste du Larrinagak: "Zentralitate itxurak egiteko sozio txikiak zurrupatuko ditu". Balizko bazkide horien artean daude sozialistak, "PSEren aterabide bakarra da", eta Podemos-Ahal Dugu alderdia, "EAJk begi bat oraingoan ipinita duelako eta beste bat gerokoan".
EH Bilduk Bilbon "eutsi egin dio izan duen topeari" Jabi Zabala kazetariaren hitzetan. "Bilbon osaketa soziologikoak ezartzen duen ezker abertzalearen goiko muga hori da, eta eutsi egin dio". Bat dator hausnarketarekin Josu Larrinaga, EH Bilduren emaitzak, beste herri eta hiri batzuetakoekin alderatuta, Bilbon "ez dira hain kaskarrak izan".
Ezker abertzaleak eta EAk "beti arazoak" izan dituzten Bilbo Handian, "eta EH Bilduk arazoak izaten jarraitzen du", Podemos-Ahal Duguk "emaitza oso onak" jaso ditu. Horregatik uste du Josu Larrinagak "gizarte mugimenduen eta ezker anitzaren agertoki nagusi den" Bilbo Handian, aurrera begira, Podemos-Ahal Duguk "paper bateratzailea" joka dezakeela: "Euskal Herrian Podemosen habitat naturala Bilbo Handia da". Podemosen aparra "jaisten ari zela zirudien", baina ez da horrela gertatu Larrinagaren esanetan, "despustu den suflea Ciudadanosena izan da". Ciudadanosek Bilbon atera dituen 5.700 bozka ez dira nahikoa izan ordezkaritza lortzeko.
[2015/05/24] Bilbon parte-hartzea %48,11koa izan da 18:00etako datuen arabera