Ibilaldia 2015, Harrobia ikastola ezagutarazteko hitzordua

uriola.eus 2015ko mai. 25a, 11:00

"Berezia" den ikastola ezagutarazteko balioko du, besteak beste, igandean –maiatzak 31– Bilbon ospatuko den Ibilaldiak. Lanbide Heziketa euskaraz eskaintzen duen Bizkaiko bi ikastoletako bat da Harrobia, Bilbo Zaharreko izen bereko plazan 2011n zabaldutakoa.

Bilbon Lanbide Heziketa "behar zen", dio Garikoitz Meabe Ibilaldiko koordinatzaileak. Oro har, Lanbide Heziketako eskaintza mugatua da eta euskarazkoa "are gehiago". Hori dela eta, 2011n Bizkaiko zazpi ikastolek bat egin zuten. Aurretiaz Ezkerraldean existitzen zen Ibar Ezkerra ikastola "Bilbora etorri zen", eta 2011ko azaroan zabaldu zen Harrobia plazan, Bilbo Zaharra eta Miribilla auzoen mugan, Harrobia Lanbide Ikastola. Hortaz, bere koordinatzailearen hitzetan, igandean, maiatzaren 31n, Bilbon ospatuko den Ibilaldia "aukera ona izango da euskarazko Lanbide Heziketari bultzada emateko".

Zazpi kilometroko ibilbidea prestatu dute iganderako, "luzea" aurreko urteekin alderatuta. "Bilbo zaharretik Bilbo modernora, San Frantzisko auzotik Guggenhiemera joan-etorria, ibilbidearen ardatza itsasadarra dela". Bost gune izango dira ibilbidean, eta seigarren bat Bilborock –gune izendapena eman ez dioten arren–.

Lehen gunean –ikastolan eta Mariaren Bihotza plazan– auzoko taldeek parte hartuko dute, 2. gunean –Miribilla– talde rockeroek, 3. gunean –Areatza– familientzako eskaintza izango da, 4. gunean –Guggenheimeko zabalgunea– umeentzako eskaintza, 5. gunea –Ripa kaia– dantzarako eta bertsotarako aukera eta, azkenik, Bilborocken musika talde gazteen emanaldiak izango dira.

Korapilotsua izaten da urtero-urtero Ibilaldia antolatzea. Ondotxo daki hori Garikoitz Meabek, azken bost Ibilaldietan koordinatzaile lanetan jardun baita. "Helburua ekonomikoa da eta urte osoa ematen dugu horretarako lanean", dio. Aurtengoak izan ditu, bai, zailtasun "bereziak". "Larunbatean Athleticen finala eta Bilboko Triatloia izango dira, eta hori dena kudeatu behar dugu".

Erronka

Gazteek ikastolen jaialdiak "beste era batera" ospatzeko helbururarekin sortu zen duela hiru urte Tolosako Kilometroak festan Erronka izeneko ekimena. 'El conquistador del fin del mundo' programan agertzen diren frogen antzeko jolasak antolatzeari ekin zioten, eta harrezkero "ikasleak inplikatzea" lortu dute. Harrobia ikastolako ikasleek antolatu dituzten frogak gainditu beharko dituzte maiatzaren 31n 12 taldek, gehintsuenak Bilboko itsasadarrean. Euskal Herri osoko ikasleek piraguan, padel surfean eta traineruan duten trebetasuna erakutsi beharko dute Ibilaldiko aurtengo Erronkan.

 

www.ibilaldia.eus

[2015/05/14] Bilbon dana prest dago 37. Ibilaldia jaia ospatzeko

[2014/11/14] Ibilaldia 2015 aurkeztuko dute igandean

[2015/02/20] Zea Mays taldearen 'Harro Ibili' abestia 2015eko Ibilaldirako

[2015/01/23] Harro ibiltzeko bertso-bazkaria

[2014/11/14] Ibilaldia 2015 aurkeztuko dute igandean

[2014/07/01] Bilbon ospatuko da 2015eko Ibilaldia Harrobia zentroak antolatuta