Txinatarrei buruzko pentsaera herrikoi bat badago, askoren belarrietara heldu dena: 1.300 miloi txinatarrek aldi berean salto egingo balute lurraren orbita alda dezaketela dioena. Guztien batura lurraren masa baino handiagoa delako. "Egia izango ote da" galdera plazaratu du Sare dinamikak. "Agian bai edo agian ez; baina teoria baten eta bestearen defendatzaileak oso arrazoi xume eta erraz batengatik ezinezkoa dute haien posizioa frogatzea. Zergatik? Bada, inoiz ez dutelako probatu".
Sareko kideek ondotxo dakite euskal herritarrak "ez garela hainbeste; ezta gutxiago ere". Euskal jendarteak inoiz ez du "denok elkarrekin salto bat emanez gero", zer pasako litzateken ikusi, sentitu eta jakin. Eta zenbait gaitan "modu bateratuan salto bat emateko beharra dugu, behar urgentea urtetako egoera aldarazteko". Sare dinakimaren aburuz "arduragabekeri galantaz gain, ez saiatzea barkaezina litzateke". Izan ere, gatazkaren konponbidearen eremuan, "salto bateratu bat egitea dagokigulako guztioi. Guztioi".
"Euskal Preso eta iheslari politikoen gaia horietako bat da; ez da bakarra. Baina bat bada. Haien eta haien senide eta hurbilekoen giza eskubideak sistematikoki urratuak izaten jarraitzen dituztelako espainiar eta frantziar gobernu zentralen espetxe politikaren bitartez. Urte luzez; eta beste hainbestetan mantentzeko asmotan dihardute. Nola azaldu bestela 26 urtez indarrean pairaturiko dispertsioa? Nola gaixotasun sendaezinak dituzten presoak haien gaixotasunak modu duinean artatzeko kalera ez ateratzea? Nola ulertu espetxearen lau horma ospelei gehitzen zaion isolamendu egoera? Ulertezina zaigu azalezina delako. Baina tamalez, erreala egun".
Aro berri batean elkarlanean aurrerapausoak emateko mezua zabaldu du beste behin Sare dinamikak, "gatazkaren konponbidea ez delako bakarrik etorriko", eta bide horretan jarrera aktiboa eskatu die herritarrei "figurante izateari utzi eta euskal jendartea protagonista izateko".
Ez gelditzea "oinarrizkoa delako" ekainaren 12an, ostirala, 19:30ean Bilboko Arriaga plazan "dispertsioarekin amaitzeko salto bateratu bat egiteko gonbitea" luzatu die pertsona guztiei Sarek. "Zer gerta daiteken probatzeko eta ezagutzeko; baina batez ere, egungo errealitatea aldatzeko".