Sorpresa handirik ez

Jon Garro, politologoa 2015ko mai. 26a, 12:15

Hori izan daiteke Bilboko hauteskundeetatik atera dezakegun titularra. EAJ nagusiki gailendu da, oposizioko alderdiak berrantolatu egin dira euren arteko botere oreka aldatuz, eta bi alderdi berriei egin beharko diete lekua udalbatzan.

Esan bezala, EAJ lehen indarra izan da Bilbon, beste behin. Espero zen moduan, ez du gehiengo osoa lortu, baina 13 zinegotzirekin oso erraz izango du bakarrik gobernatzeko. Aurreko hauteskundeekin konparatuz bi zinegotzi galdu ditu, baina galera baino, badirudi EAJren botoa “normalizatu” egin dela. Hau da, Azkunaren garaian EAJk Udal eta Batzar Nagusietarako hauteskundeen artean izaten zuen boto distantzia txikitu egin dela. Adibidez, 2011ko hauteskundeetan, EAJk Bilboko Udalerako botoen %42,12 eskuratu zituen, eta Batzar Nagusietarako %38,02; hau da, 4 puntuko distantzia zabala. Aurten aldiz, distantzia hori bi puntura gutxitu da, Udalerako %39,32 jasoz eta Batzar Nagusietarako %37,02. Hortaz, Aburto ez da gai izan Azkunaren garaian EAJri prestatutako boto horiek mantentzeko.

Bestetik, EH Bilduk oposizioko lehen indarra bilakatzea lortu du, duela lau urteko zinegotzi kopuru berdinarekin (4), baina 1.200 boto jaitsiz. Boto galerak ez dira inoiz izaten pozteko arrazoiak, baina esan beharra dago EH Bilduk oso ondo aguantatu duela Udalberri eta Ganemosen agerpena (eta Podemosek hedabideetan izandako presentzia etengabea). Izan ere, bi alderdi hauek, ezkerrekoak izanik eta printzipioz erabakitzeko eskubidea ukatzen ez dutenak, orain arte EH Bilduk monopolioa zuen eremuan konpetentzia berria suposatu dute. Beraz, EH Bilduk lau urte hauetan Azkunari eta Aresori egindako oposizio gogorrak boto fideltasun handia mantentzea ahalbideratu du. Hala ere, EH Bilduren datuak aurreko hauteskundeetan konparatzeko orduan, askotan (nahita edo nahigabe), aldagai bat ahaztu egiten dugu; duela lau urte Aralarrek bere kabuz 3.220 boto eskuratu zituen, printzipioz aurten EH Bildura joan beharko liratekeenak.

Esan bezala, aurtengo berritasunak Udalberri eta Ganemos izan dira. Izenez desberdinak, baina ideietan oso antzerakoak (edo berdinak). Udalberri Podemos, Ezker Anitza eta Equoren hautagaitza “ofiziala” da, Ganemos Bilboko Podemoseko sektore kritikoak osatzen duen bitartean. Badaude ere Madrazok Ganemos plataforma kontrolatzen duela dioten zurrumurruak, baina arin ezeztatu dute plataforma honetako buruek. Bi zinegotzi lortu ditu hautagaitza bakoitzak, Udalberri botoetan gailendu arren. Dena den, badirudi Ganemosek izandako babesa gogoz baino, Udalberriren hutsegitez izan dela. Izan ere, ez zen inolako inkestetan azaltzen, eta gainontzeko alderdiek ez zuten bere agerpena espero. Hala ere, erabilitako izena eta logoak (bere papeletetan ¡Sí se puede! leloa agertzen zen), boto emaile askok Podemosekin erratzera eraman zutela uste da. Hala uste du Udalberrik, eta hala dirudi ere emaitzak foru hauteskundeekin konparatzen ditugunean. Udalberrik eta Ganemosek batera 14,99% lortu dute udal hauteskundetan (Bilboko bigarren indarra izango litzatekeena), eta foru hauteskundetan Podemosek %15,14 lortu du Bilboko zirkunskripzioan, praktikan berdina.

Azkenik, PSE-EE eta PP 3. eta 4. izan dira hurrenez hurren, biek 4 zinegotziekin eta 19.000 boto ingururekin. Nahiz eta emaitza txarrak izan, emaitzak txarragoak izan zitezkeen beldur ziren. Izan ere, bi alderdiek garrantzia gabekoak izateko bidean daude Bizkaiko udal gehienetan. Bilbon PPk zinegotzi bi galdu ditu, eta botoen herena. PSE-EEk aldiz, apenas 1,5 puntu galdu ditu eta zinegotzi kopuruan mantendu da; hala ere 2011ko hauteskundetan ia 10 puntu galdu ondoren, zaila zuen gehiago ondoratzea. Alderdi sozialista Udalbatzako laugarren indarra izatetik hirugarrena izatera pasatzearekin kontsola daiteke, bere arrakastagatik baino PPren porrotagatik izan arren. PSE-EE, EAJren sostengua bihurtuko dela dirudi, EAE mailan antzematen den ituna jarraituz, eta aktiboki edo pasiboki Aburtoren legealdia erraztuko duela.

Baina zelan birbanatu dira bilbotarren botoak alderdien artean? Zelan eragin die gainontzeko alderdiei bi plataforma berrien agerpenak? Norantz joan dira alderdiek galdutako botoak? Lehenik eta behin, kontuan izan behar dugu parte-hartzea bi puntu jaitsi dela (%61,14tik %59,36ra), eta beraz alderdien artean banatzeko tarta txikiagoa dela. Hortaz, “normala” da boto kopuruan zeozer jaistea. EAJk galdutako botoak (11.000 inguru) ziurrenik Azkunari prestatutakoak izango ziren, normalean PSEtik eta PPtik zetozenak. Baina esan bezala, bi alderdi hauek ere bototan behera egin dute, eta PPren kasuan nabarmenki gainera.
Bestetik, Udalberri-Ganemos bikoteak, batera, 22.000 boto inguru jaso ditu. PSEk, EH Bilduk (Aralar barne) eta EB ohiak galdutako botoak batzen baditugu guztira 13.000 boto dira. Zelan azaltzen dira gainontzeko 9.000 botoak? EAJtik eta PPtik arraroa diruri, eta logikaz abstentziotik etorri beharko ziren. Baina abstentzioak behera baino, gora egin du. Agian, Udalberri-Ganemosek abstentziotik botoak jaso ditu, baina alderdi “klasikoen” boto emaile askok oraingo honetan ez dutenez bozkatu, ez da abstentzioaren portzentajea jaitsi. Badirudi abstentziorantz jo duten asko PPtik datozela. Izan ere, 10.000 boto galdu ditu, baina Ciudadanosek, alderdi kontserbakorraren konpetentzia zuzena eta alderdi horretako desengainatu asko erakarri duenak, 5.000 boto baino ez ditu jaso. Gainontzeko 5.000 botoek ziurrenik abstentziorantz jo dute. Agian horrela azaldu daiteke aldi berean Udalberri-Ganemosek jasotako boto kopurua eta abstentzio mailaren igoera.

Laburbilduz, nahiz eta beste Bilbo baten aldeko babesa handitu, badirudi bilbotarrek sostengua eman diotela berrio ere auzoak mailakatzen, komertzioak jaiegunetan irekitzen eta kaleko bizitza alboratzen duen hiri ereduari. Esan ohi da errealitatea eramaten diren betaurrekoen arabera ikusten dugula. Interesgarria litzateke jakitea non dagoen hauen optika.

 

 

[2015/05/26] Hauteskundetako datuak barrutiz barruti eta auzoz auzo

[2015/05/26] Hauteskunde ostea bertsotan

[2015/05/25] EAJ garaile, gehiengo osorik gabe

[2015/05/24] Bilbon parte-hartzea %48,11koa izan da 18:00etako datuen arabera

[2015/05/20] Hauteskundeak bertsotan

[2015/05/08] Hauteskunde lehiakorra Bilbon, irabazleagatik baino udalbatzak izango duen konposiziogatik