Eguerdia baino lehen balantze positiboa egin zuten aurtengo Ibilaldiaren antolatzaile Harrobia Lanbide Ikastolako ordezkariek: "Hasierako ekitaldian parte hartu dugu eta gauzak nahiko ondo atera dira, hilabete inguru eman dugu entseatzen! Esan digutenez, ibilbide gehiena beteta dago eta badirudi jendea animatu dela. Egia da atzokoa oso egun berezia izan zela eta gu ere baldintzatu gintuen, baina jendeak Ibilaldiaren deiari erantzun dio", zioten.
Bizkaiko ikastolen jaia "aurreikusita bezala" joan zen. 1.000 boluntarioko lantaldea "momentu oro ekinean" ibili ziren "egoerari erantzuteko". Honenbestez, "aho-betez esan dezakegu asteburu eguzkitsu eta handi honi bukaera ezin hobea eman diogula. Pozik gaude eta elkarrekin aurrera egin eta egingo dugu".
Ekitaldia eta jaia
Aurtengo Ibilaldia "Bilbon ospatzen da aspaldiko partez”, adierazi zuten Harrobia Lanbide Ikastolako gurasoek atzoko aurkezpenan. Ibilbideak Bilbo erdia eta itsasadarraren bi aldeak hartu zituen, baina ez zen hori berrikuntza bakarra izan: "Aurtengoak Lanbide Hezkuntza du helburu, zenbait ikastola Harrobia fundazioan elkartu eta eraikin moderno eta zoragarri hau egin zuten".
Harrobia Fundazioko presidente Juan Carlos Gomezek ere hartu zuen hitza eta euskarazko lan-heziketa hedatzeko zentro horren "erreferentzialtasuna" nabarmendu zuen. Horrekin batera, Bilbon euskara sustatzeko duen garrantziaz mintzatu zen eta Bilbo Zaharra suspertzea ere bere helburuetako bat dela azpimarratu zuen.
Ildo beretik jo zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeak: "Elebidun kopuru handia dago hirian eta euskara normalizatzeko prozesuan Bilboko harrobia behar dugu".
Aurreko eguna luzea izan zenez, lehen orduan oso giro lasaia bizi izan zen gune gehienetan. Denbora behar izan zen eguna berotu arte. Dena dela, eguerdia hurbildu ahala kaleak betetzen joan ziren.
Azkenerako Ibilaldia kolorez beteriko festa dela argi geratu zen atzo Bilbon. Egun osoan musikaz gozatzeko, dantza eta tailerretan parte hartzeko, zumbing egiteko, jolasteko, jateko, edateko eta azken batean lagunekin egun on bat pasatzeko aukera paregabea izan zen atzo Botxoaren erdi-erdian. Eta bide batez, baita ikastolei laguntzeko ere.
Lanbide Heziketan euskara sustatu
Ibilbidearen hasieraren Arantza Aurrekoetxea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuordea izan zen. Aurrekoetxeak azaldu zuenez, Lanbide Heziketaren zikloren bat egiten ari diren euskal ikasleen %26k euskaraz egiten du.
Horren aburuz, euskararen sustapenean "urrats garrantzitsuak eman dira" Lanbide Heziketan, ikastaroen %80 euskaraz eskaintzen baitira. "Arazoa da", sailburuordeak aitortu zuenez, "ikasleek ez dutela euskarazko lanbide hezkuntza aukeratzen, gero eta gehiago egin arren, eta horren laurden bat D ereduan dago jada".
"D eredura igarotzeko urrats hori erraztu nahi dugu orain", iragarri du, "eta nola egingo dugu? Datorren ikasturterako eskainiko dugu aurreneko aldiz B eredua, hau da, irakasgaien erdia euskaraz, eta beste erdia gaztelaniaz".
Euskarazko lanbide hezkuntza suspertzeko, "beharrezkoa da lan munduko enpresen inplikazioa, euskaraz garatutako guneak eskainiz, euskarazko Lanbide Heziketako ikasleek ikus dezaten euskaraz lan egiteko aukera badagoela", gaineratu zuen.
[2015/06/01] Milaka lagun eta giro ezin hobea, Ibilaldian
[2015/05/25] Ibilaldia 2015, Harrobia ikastola ezagutarazteko hitzordua
[2015/05/14] Bilbon dana prest dago 37. Ibilaldia jaia ospatzeko
[2014/11/14] Ibilaldia 2015 aurkeztuko dute igandean
[2015/02/20] Zea Mays taldearen 'Harro Ibili' abestia 2015eko Ibilaldirako
[2015/01/23] Harro ibiltzeko bertso-bazkaria
[2014/11/14] Ibilaldia 2015 aurkeztuko dute igandean
[2014/07/01] Bilbon ospatuko da 2015eko Ibilaldia Harrobia zentroak antolatuta