90.000 kontserba ontzi eskutik eskura

uriola.eus 2015ko eka. 1a, 09:30

Pozik eman du bukatutzat Errigorak 2014-2015 ikasturtea 'Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura' kontserba loteen azken kanpainak arrakasta handia izan baitu. 90.000 kontserba ontzi baino gehiago banatu dira, horietatik 3.760 Santutxun eta Alde Zaharrean.

Iazko datuekin alderatuta, %80 egin du gora Errigora ekimenaren aurtengo maiatzeko kontserba loteen kanpainak. Guztira, "90.000 kontserba ontzi baino gehiago banatu ditugu", jakinarazi dute Errigoratik. "Iaz baino %80 gehiago", hain zuzen. Euskal Herriko 3.000 etxe inguruk hartu du parte 'Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura' izeneko kanpainan. Batazbeste, hiru lote eskatu ditu eskatzaile bakoitzak.

Bilboren kasuan, 330 lote eskatu dira Santutxu eta Alde Zaharrean. 3.760 kontserba ontzi guztira.
 

Ikasturte oparoa

Irailean proiektua egonkortu eta sendotzeko erronka jarri zion bere buruari Errigorak; ekainean, atzera begiratu eta helburua beteta ikusita, indarberrituta ekingo dio datorren ikasturtea prestatzeari.

Ikasturte honetan "aurrerapauso nabarmena" eman du parte-hartzaile kopuruari dagokionean.

Udazkeneko kanpainan zein olioarenean, iazko zenbakiekin alderatuta, %50 gehiago elkartu dira "kontsumo arduratsuaren bidean". Kontserba loteen kasuan, ostera, %80 gehiago. Baina jende gehiagorengana heltzeaz gain, "bereziki azpimarratzekoa iruditzen zaigu aurreko ikasturteko kontsumitzaile arduratsu gehienok aurtengoan ere errepikatu izana".

Ekoizleei dagokienean ere, pauso kuantitatiboa kontuan hartzekoa da, iazko ikasturteko ekoizleen kopurua bikoiztu egin baitute aurtengoan.

Zenbakietatik harago, baina, aurtengoan ahalegin berezia egin du Errigorako lantaldeak "Nafarroa hegoaldeko biztanleen bizipenak lehen planora ekartzeko. Zonaldeko euskaltzale, ekoizle eta nekazarien problematikak ekarri genituen udazkeneko kanpainara Tere, Imanol eta Angelen eskutik".

Gainontzean, web gunea sortu, komunikabideetan arreta deitu eta eskaerak online egiteko bidea zabaldu du Errigorak, besteak beste.

"Bestelako kontsumo eredu bat bestela eraikitzeko bidean", Errigoraren sareak eskertu egin die ehunka lagunei egindako lana: "Hara eta hona, borondatez, gure herri eta auzoetako kaleetan zein karrika birtualetan aritzen diren ehunka lagunak. Errigoraren bihotz taupadak. Eskaera eta banaketa guneak topatzen aritzen direnak, produktuen dastaketak antolatzen dituztenak, euren herrietako komunikabideei matraka ematen ibiltzen direnak, banaketako anabasa nola hala taxutzen dutenak, auzolanean Ablitasen elkartu ginen 120ak... Biba zuek! Biba gu! Gero eta gehiago gara! Jarrai dezagun!".

 

www.errigora.eus

[2015/05/14] Kontserba loteak #ESKUTIKeskura

[2014/11/10] Nafar hegoaldeko uzta Bilbon eskuratzeko azken txanpa