"Justizia sozialaren eta bizimodu duinaren alde" Bizkaian lan egiten duten talde eta kolektiboak dira Telefonica-Movistarreko tekniko grebalarien borroka eta aldarrikapena babesteko atxikimendu bilketa martxan jarri dutenak. "Murrizketak eta desarautzeak direla bide, pairatzen duten eskubide ekonomiko eta laboralen galerez jakitun", bihar, 10:45ean, Telefonica-Movistarrek Buenos Aires kalean duen egoitza aurrean emango duten prentsaurrean aurkeztuko dituzte jasotako atxikimenduak.
Agerraldi horretan, ekainaren 4rako deitu duten manifestazio bateratuan parte hartzeko deia egingo dute bai langile grebalariek bai babesten dituzten elkarteetako kideek. Kale Nagusiko 89. zenbakitik abiatuko da manifestazioa ostegunean, 19:30ean, eta Buenos Aires kalerainoko ibilibidea egingo du.
Miseria eta esplotazio egoera
Telefonica-Movistar enpresarentzat lan egiten duen teknikoen kolektiboak mugarik gabeko greba bati ekin zion joan den apirilaren 7an Espainiako Estatuan, Madrilen ekin (martxoak 28) eta handik egun batzutara.
Telekomunikazioetako multinazionalak "azpikontratatutako enpresen lanen prezioa jaisteko asmoetan" du hastapena grebari ekiteak, eta langileak "muturreko egoeran daudenean" ezarri nahi izan du enpresak jaitsiera. Teknikoak, kontrata eta azpikontraten mende daude, eta batzuk autonomo egitera behartu dituzte; "azken hauek plantilan diren langile bakan horien funtzio berberak betetzen dituztenean". "Oso prekarizatuta" dagoen kolektibo honek 500-800 euro bitartean kobratzen ditu hilean, egunean 10 eta 12 orduko lanaldien truke. Ordainsari hauek 400 eurotan gera daitezke gizarte segurantza, zergak, ibilgailua, gasolina eta beste gastu batzuk ordaindu ostean. Bizkaian, kolektiboaren %95 autonomo "faltsuak" direla salatu dute, "10-12 ordu bitarteko lan jardunaldiekin 800 eurotik beherako soldatarekin".
Enpresako presidenteak, Cesar Aliertak aldiz, "hilean milioi erdi euro baino gehiago irabazi zituen", eta multinazionalaren Administrazio Kontseiluko kideek, "6.830 langile eragin zituen EREa -2011tik 2013ra bitarte- onartu zutenek" euren soldatak %20 igo zituzten. Guzti hori, Telefonicak "berezo guztiei bere zerbitzuen prezioak igo dizkie zerbitzuaren kalitatean hobekuntzak egin dituela argudiatuz".
Telefonica-Movistarrek "lege neoliberalei heltzen die" greba honek "ez duela enpresarekin inolako zerikusirik" esatean, eta greban den kolektiboari ez dio baliozko hizketakidetzarik aitortzen.
Teknikoak Telefonicaren "ageriko aurpegiak" dira, etxeetara Telefonicaren izenean sare telefonikoak instalatzera edo konpontzera doazen pertsonak dira, eta "esklabutzat har daitezkeen baldintzetan egiten dute lan".
Hilabete bat pasata greba luzearen ostean, matxurak pilatzen ari dira langileak falta baitira, portabilitateak eta alta berriak geldituta daude; hala ere, Telefonicak behin eta berriro dio "gatazkak ez duela enpresarekin zerikusirik" esaten du.
Teknikoen greba, telekomunikazioetako sektore estrategiko batean, "inflexio-puntu bat izan daiteke lan prekarietaren aurkako borrokan, beste sektoreetara hedatu daitekeen borrokan". Hamaika enpresetan lan egiten duen kolektibo bat da, "hamaika mila sasi-autonomo kontratuekin". Azken asteotan batu egin dira euren duintasuna defendatzeko eta lan baldintzen hobekuntza aldarrikatzeko.
Eskakizunak
Mugarik gabeko greban den teknikoen kolektiboak honakoa erreklamatzen dio Telefonica-Movistarri:
· Bere teknikoekiko duen erantzukizuna aitor dezala eta greba batzordeari baliozko hizketakidetza ere aitor diezaiola. Telefonicak arduraz aritu behar du langileak eta bezeroak eragiten dituen lan gatazkaren soluzio-bidean.
· Telefonica eta enpresa kontratatzaileen arteko merkataritza-kontratu berri bat; soldata duinak, 40 orduko lanaldia astean eta bi atseden egun bermatuko duen kontratu berri bat.
· Autonomoei kontratetako plantillan sartzeko aukera eskaintzea.
· Grebalarien aurkako errepresio izpirik ez, eta Telefonica-Movistarrek daraman protestaldiaren kriminalizatze kanpaina bertan behera utzi dezala.
· Telekomunikazioetarako hitzarmen bat eta lan segurtasun baldintzen hobetzea.
teleafonicos.bizkaia@gmail.com
[2015/05/13] Eskaileraz bete dituzte udaletxeko eskailerak Movistarreko teknikari grebalariek