Teknikariekiko duen erantzukizuna aitortzeko eskatuko diote Movistarri

uriola.eus 2015ko eka. 2a, 12:46

Telefonica-Movistarreko teknikarien kolektiboak mugarik gabeko greban daramatza 57 egun. Bizkaian 170 langile inguru dira eta Gipuzkoan 180 bat, autonomoak ia gehienak. Negoziatzeko eskari askoren ostean, Movistarreko buruek aste honetan onartu dute hitz egitera jesartzeko proposamena. Gaur, Buenos Aires kalean Movistarrek duen egoitzaren aurrean ekarretaratzea burutu dute grebalariek jasotako babesa eskertu eta ostegunean deitu duten manifestazioaren berri emateko. 

Bilbon Movistarrek duen denda handienaren aurrean atzo grebalariek kanpalekua ezartzeko asmoa zuten arren, ez zuten ezarri. Teknikarien kolektiboaren esanetan Ertzaintzak isun handiekin egin zien "mehatxu". Gaurko elkarretaratzean ere Ertzaintzako sei bat agentek babestu dute Movistarren denda kanpotik. Barruan, berriz, segurtasun pribatuko hainbat agente zueden atea zaintzen. Tentsio uneak ere izan dira grebalari, ertzain eta segurtasun agenteen artean, baina ez da istilurik gertatu.

Grebalariek euren egoeraren berri emateko egin dute gaurko agerraldia. Izan da, bai, aldaketarik. 57 egunen ostean "lortu dugu Movistar gurekin esertzea", adierazi du Alex Palanco grebalarien bozeramaleetako batek. Argi utzi du Palancok bilera horretan zer eskatuko dioten Movistarri: "Bere teknikoekiko duen erantzukizuna aitor dezala eta greba batzordeari baliozko hizketakidetza ere aitor diezaiola. Telefonicak arduraz aritu behar du langileak eta bezeroak eragiten dituen lan gatazkaren soluzio-bidean". Izan ere, orain artean Telefonicak "behin eta berriro" adierazi du "gatazkak ez duela enpresarekin zerikusirik". Greba luzearen ostean, matxurak pilatzen ari dira, eta portabilitateak eta alta berriak geldituta daude.

Telekomunikazioetako multinazionalak azpikontratatutako enpresen lanen prezioa jaisteko asmoetan du hastapena greba honek. Azken kontratu horrek "miseria" eta "esklabotza" egoeran utzi dituela aipatzen dute grebalariek. Kontrata eta azpikontraten menpe daude, eta gehienak autonomo egitera "behartu" dituzte; "azken hauek plantilan diren langile bakan horien funtzio berberak betetzen dituztenean". Kolektibo honek 500-800 euro kobratzen ditu hilean, egunean 10 eta 12 orduko lanaldien truke. Horregatik eskatzen dute Telefonica eta enpresa kontratatzaileen arteko merkataritza-kontratu berri bat: "Soldata duinak, 40 orduko lanaldia astean eta bi atseden egun bermatuko duen kontratu berri bat". Horrezaz gain, "autonomoei kontratetako plantilan sartzeko aukera eskaintzea".

57 eguneko greban tenikariek tira-birak izan dituzte Telefonica-Movistarreko langileekin, segurtasun agenteekin eta Ertzaintzarekin. Euren aurkako "errepresio izpirik ez" dutela onartuko azpimarratu dute eta "Telefonica-Movistarrek daraman protestaldiaren kriminalizatze kanpaina bertan behera utz dezala" eskatu dute.

Eragileen babesa

Bizkaiko 20 bat gizarte eragilek, "murrizketak eta desarautzeak direla bide", teknikariek "pairatzen duten eskubide ekonomiko eta laboralen galerez jakitun" babestu dute jada kolektibo honen greba. "Justizia sozialaren eta bizimodu duinaren aldeko" manifestua babestu dute. teleafonicos.bizkaia@gmail.com helbidera idatziz atxikimendua eman dezake nahi duen elkarte edota kolektibok.

Orain arte manifestuarekin bat egin duten eragileak honakoak dira: Feministalde, Bizkaiko Sos Arrazakeria, Elkartzen Euskal Herria, Ikasle Abertzelak, Grupo Auditoria Ciudadana de la Deuda Bizkaia, Zirikatzen! Deusto Herria, Sagarra ekologista taldea, Movimiento 15M Bizkaia, Euskal Herriko Antifaxista Taldea, Gazte Komunistak, Euskadi-Siria, Komite Internazionalistak, Uribarritzen, Boltxe, Reconstruccion Comunista, Ikasle Ekintza eta Argilan.

Manifestazioa

Ekainaren 4an, ostegunean, 19:30ean manifestazioa deitu dute langileek Kale Nagusiko 89. zenbakitik Buenos Aires kalean dagoen Movistar dendaraino. Manifestazioan parte hartu eta "gure borrokarekin bat egiteko" mezua zabaldu diote teknikariek jendarteari.

 
@TecnicosBilbao

[2015/06/01] Movistarreko teknikari grebalariei babesa agertuko diete gizarte eragileek

[2015/05/13] Eskaileraz bete dituzte udaletxeko eskailerak Movistarreko teknikari grebalariek