Gaur Bilboko Udalaren Arabiar Aretoan egindako ekitaldian, Bilboko Lions Club International-eko presidentea den Marian Lopezek Melvin Jones Fellow sariaren plaka bat, orratz bat eta Barry J. Palmer Lions International Fundazioaren presidenteak alkateari idatzitako gutun pertsonal bat eman dizkio.
Horrela, bada, Melvin Jones Fellow saria jaso duten pertsonen zerrenda luzean sartu da Ibon Areso, beste hauekin batera: Izaskun Bilbao, Eusko Legebiltzarreko presidente ohia; Ricardo Ansótegi, Gizarte Ekintzako foru diputatu ohia; Benedicto Martinez Angulo artista, Benedicto Museoaren sortzailea; Juan Carlos I.a erregea, Felipe printzea —gaur egun Felipe VI.a erregea—; Alfredo Kraus tenorea edo Bill Clinton eta Barack Obama AEBko presidenteak, besteak beste.
Historiako ia 100 urte
Lions Clubs International Fundazioa 1917an sortu zuen Melvin Jones-ek. Melvin Jones Chicagoko enpresarioa zen eta garai hartan 38 urte zeuzkan. Chicagoko Merkataritza Elkartea eta AEBko antzeko beste talde batzuk konbentzitu zituen mundu osoko pertsonen bizimodua hobetuko zuen nazioarteko erakunde bat sortzeko.
Sortu eta hiru urtera, Lions Clubak nazioarteko egiteko prozesua hasi zuen, lehenik Ipar Amerikan eta, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan, Europan, Asian eta Afrikan. Bilboko Lehoien Kluba 1960ean eratu zen.
Gaur egun, Lions Clubs International-ek 46.000 klub baino gehiago dauzka eta ia milioi bat eta erdi bazkide daude mundu osoko 200 herrialde eta gune geografikotan. Horrek esan nahi du munduko elkarte humanitario pribatu garrantzitsuenetako bat dela.
Lan humanitario zabala egitearekin eta mundu osoko garapen gizalegezko, kultural, sozial eta moralaren sustatzearekin batera, Lions Clubs International-ek herriak elkarte ulertzeko jarrera bultzatzen du eta laguntza osoa ematen die gobernu onaren eta herritar onaren hastapenei.