Ostalaritzako lizentzia berriak bertan behera uzteko eskakizunak 11.700 sinadura lortu ditu

uriola.eus 2015ko eka. 5a, 09:37

Bilboko Udalari eta alderdi nagusietako ordezkariei zuzendutako 'Alde Zaharra arriskuan dago. Bertan behera utzi Ostalaritzako lizentzia berriak' izeneko eskakizuna, Change.org atarian, 11.700 lagunek baino gehiagok babestu dute jada.

Javier Fernandez de Aranguizek abiarazi du sinadura bilketa Interneten. Azken bost urtetan Alde Zaharrean lokal bat kudeatu du Aranguizek. Apirilaren 16an iraungi zen bere alokairuaren epea, jarraitzeko ahozko akordioa adostuta bazuen ere lokalaren jabearekin. Maiatzaren 11n, bi hileren buruan lokala utzi behar zuela zioen eskutitza jaso zuen. "Hori edo 750 euroko igoera 'sinbolikoa' onartu behar nuen jarraitu nahi banuen", azaldu du Aranguizek. "Espekulatzaile batzuk nirea baino alokairu igoera handiagoa eskatu diete euren maizterrei".

Bilboko Alde Zaharreko 30 denda egoera berean egon daitezke. "Lagun asko jasaten ari den egoera beste batzuek jasan ez dezaten eta, uholdeen ostean egin bezala, Alde Zaharra berreskuratzeko" Aranguizek Change.org atarian bilbotarrei babesa eskatu die: "Berehalakoan lizentziak geldiarazteko".

Bilboko Udalak, 'Bolkestein' zuzentaruaren ezarpenean oinarriturik, "bereizketarik gabe" lizentzien kontzesioak banatzeari ekin dio. Ondorioz, "frankizia handiek hiriko kale entzutetsuak hartu dituzte, sarritan bertako merkataritza edota tradiziozkoa kanporatuz. Asko dira alokairuen igoeri aurre ezin egiteagatik eta krisiaren eta zergen kolpeengatik".

Aranguizen arabera hutsik geratutako lokaletan frankiziek zabaldutako tabernek "txirotu egiten gure gastronomia aberatsa, ez diote auzoari ekarpenik egiten eta Plaza Barria bezalako gune historikoak tabernaz bete dituzte". 20 taberna daude jada Plaza Barrian.

Udalak lizentziak bertan behera utziko balitu "errentari diruzaleen espekulazioarekin amaituko zen". Aranguizen hitzetan, espekulazioak "merkatal-ehuna ez ezik biztanleen arteko harremanak ere kaltetzen baititu". Izatez, merkatari eta dendarien %75 Alde Zaharreko biztanle dira.

"Ondare kategoria duen jauregi bat Foster's Hollywood bezalako frankizia baten esku utzi duen Udalak zein auzo mota nahi du", galdetzen du Aranguizek. "Oker dabiltzala uste dut, Bilboko Alde Zaharra zer den ez dakitela. Ostalaritzako burbuila honek betiko denda eta taberna asko itxiaraziko ditu, ordainezinak diren alokairua duten lokal hutsez beterik utziko ditu kaleak eta merkatal-ehuna apurturik". 

Bilboko Udalari eta alderdi nagusietako ordezkariei helarazi die Javier Fdez.de Aranguizek 'Alde Zaharra arriskuan dago. Bertan behera utzi Ostalaritzako lizentzia berriak' izeneko eskakizuna. Change.org atarian 11.700 lagunek baino gehiagok babestu dute jada.

 

[2015/05/21] Ostalaritzako lizentzia berriak salatu dituzte Alde Zaharreko merkatariek