18 zinegotziren agurra

uriola.eus 2015ko eka. 5a, 14:42

Argazkia: Izaskun Llona

Ezohiko Udalbatza izan da gaur eguerdikoa, legegintzaldiko azkena. Kargua utziko duten Udalbatzako ordezkariek, alkateak eta 17 zinegotzik, Bilboko hiriaren domina bana jaso dute.

Ekainaren 13an osatuko da joan den maiatzaren 24ko udal hauteskundetako emaitzen araberako Udalbatza berria. Hori baino lehen, gaur, karguan jarraituko ez duten kideei agur egiteko txanda izan da. Lau urtez ganberan ordezkaritza izan dute 29 zinegotziren artean, 18 zinegotzik ez dute jarraituko. Hortaz, neurri handiko berrikuntza izango da.

Besteak beste, 71 urterekin jubilatuko den Ibon Areso alkatearen azken ekitaldi ofiziala izan da gaurkoa. 71 urtetik 24 eman ditu zinegotzi Bilboko Udalean. Bi hamarkada baino gehiago Hirigintzako zinegotzi bezala. "Harro" Bizkaiko hiriburuko gobernu taldeko kide izategatik. Bilbok tradizioa eta modernitatea bateratzen eta elkartzen jakin duela adierazi du Aresok, "bati uko egin gabe bestearen alde egiteko", eta egun "eredu" den hiria dela azpimarratu du. 

Garai "nahiko nahasian" politika "duintzen" ahalegindu da Areso, eta egindako ahaleginarekin "nahiko pozik" agertu da. Hiritarrei barkamena eskatu die "uneren baten" euren itxaropen edota konfidantza urratu badu. Belaunaldi aldaketa ere ontzat jo du, ez zinegotzi berriei mezurik utzi gabe: "Proiektuek jarraipena izan dezatela gauza ona da".

Aretoan zeuden pertsonak zutituta zeudela eta, txalo artean, ezarri dio Ibone Bengoetxeak Ibon Aresori Bilboko domina.

Ziengotzi kargua utziko duten pertsonak honakoak dira: EAJko Sabin Anuzita, Ibone Bengoetxea, Mariano Gomez, Eider Jauregi, Juan Felix Madariaga, Eduardo Maiz, Pilar Muerza, Jose Luis Sabas eta Jone Unzueta; PPko Luis Hermosa, Ines Pascual, Angel Rodrigo eta Jesus Sanz; EH Bilduko David Lopategi, Ana Etxarte eta Helena Gartzia; eta PSE-EEko Jose Lorenzo Delgado.

 

Zinegotzi aldaketak

Ibon Aresoren taldeko bost zinegotzik bakarrik jarraituko dute Aburtoren taldean: Itziar Urtasun, Marta Ajuria, Asier Abaunza, Oihane Arregoitia eta Tomas del Hierrok. EAJko zinegotzi berrien artean badira lehenago Udalean zinegotzi izandakoak, Nekane Alonso eta Rikardo Barkala, hain zuzen ere. Iñaki Azkunaren hurbileko izan diren Ibon Areso, Jose Luis Sabas eta Ibone Bengoetxeak esaterako agur esan diote Bilboko Udalari urte askoren ondoren.

EH Bilduk, Aitziber Ibaibarriaga zerrendaburua izan ezik, gainerako ordezkariak berritu ditu. Lander Etxebarria –zinegotzi izana–, Alba Fatuarte eta Bruno Zubizarretak eskuratuko dute kargua.

Sozialistek aurpegi berri bakarra izango dute. Alfonso Gil, Yolanda Diez eta Goyo Zurro orain artekoei Ines Ibañez batuko zaie, Jose Lorenzoren ordez.

Popularrek bi zinegotziri eutsiko diete, Beatriz Marcos eta Oscar Fernandezi, eta bi zinegotzi berri hartuko dituzte, Carmen Carron eta Luis Egiluz. Egiluzek, PPko zerrendaburua azken udal hauteskundetan, bi legegintzaldi eman zituen Bilboko Udalbatzan zinegotzi gisa Antonio Basagoitiren esanetara.

Indar berrien artean aurpegi berriak dira denak. UdalBerri-Bilbao en común koalizioan Carmen Muñoz eta Amaia Arenalek ordezkatuko dituzte Ezker Anitza-IU, Equo, Alternativa Republicana eta Podemos-Ahal Duguren interesak.

Sí se puede-Ganemos plataforman (Podemos-Ahal Dugutik jaioa) Francisco Samir Ladhou eta Maria Concepcion Garcia izango dira Bilboko Udalbatzan Ganemosen ordezkariak.