Elkartasuna sustatzea eskoletan eta eskoletatik
Lankidetzarekin eta elkartasunarekin zerikusia duten jarduerak garatzen aritu diren ikastetxeak aurkez daitezke sariketara. Jardueren protagonistak Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilerreko edota gradu ertaineko prestakuntza-zikloetako ikasleek izan behar dute. Horretarako, ikastetxean azken bost urteotan egindako jardueren memoria bat aurkeztuko dute. Jarduera horietako bat 2014-2015 ikasturtean burutu behar izan dute.
Ohorezko aipamenaz gain, 3000 euroko dotazio ekonomikoa du sariak.
Ikastetxeek hautagaitzak Bilboko Udaleko Erregistro Orokorrean edo barrutietako udaltegietan 2015eko urriaren 15era arte aurkez ditzakete.
Hautaketa irizpideak
Bosgarren edizioko saria nori eman erabakiko duen epaimahaia bederatzi pertsonek osatuko dute: Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Saileko jarduneko zinegotzia, udalean ordezkaritza duten alderdi politikoetako pertsona bana, Lankidetza Kontseiluaren kide bi eta garapenerako lankidetzan eta Giza Eskubideen defentsan izen ona duten entitateetako ordezkari bezala jardungo duten beste pertsona bi.
Epaimahaiak sariak emateko orduan irizpide hauek hartuko ditu kontutan:
• Deialdiaren helburuarekin zerikusia duten ekintzetan ikastetxeak duen ibilbidea.
• Jarduerak diseinatzeko, bultzatzeko eta gauzatzeko eskola-komunitateak, hau da, ikasleek, irakasleek eta gurasoek duten inplikazioa.
• Jarduerek zenbaterako eragina duten herritarrengan, auzoan, barrutian zein udalerrian.
• Sariaren dirua deialdiarekin lotutako helburuetarako izatea.
Ikastetxeek 'Bilbao Iparra-Hegoa' sariketaz informazio gehiago jaso nahi izanez gero, Bilboko Udaleko Berdintasun, Lankidetza eta Herritarren Gaietarako Sailera jo dezakete, 94 420 42 03 telefonora deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: cooperacion@aytro.bilbao.net .
Eskola solidarioen laugarren edizioa
2014ko 'Bilbao Iparra-Hegoa' saria, Eskola Solidarioen modalitatean, Otxarkoagako prestakuntza-zentroari eman zioten. Otxarkoagako prestakuntza-zentroa Bilbotar Ospetsu izendatu zuten 2013an haren konpromisoagatik, inplikazioagatik, bizikidetzagatik, elkarrizketagatik eta talde-lanagatik. Bilboko Udalak Lanbide Eskola honen ibilbide luzea saritu nahi izan zuen, besteak beste, desabantailan dauden biztanle-taldeetakoekin lan egiten duela kontuan hartuta.
12 eta 25 urte bitarteko ikasleen arteko aldeak murrizteko lan egiten du zentroak, eskola-porrota ezagutu duten edo hezkuntza-arloko behar bereziak dituzten problematika sozialak dituzten ikasleei arreta berezia eskainiz Ikasketa-prozesu horretatik sortu zen 2009-2010 ikasturtean Hezkuntzako Lehen Harrerako programa bat. Majarba proiektuaren eskolaratze-programa osagarriaren aurrekaria izan zen hori. Majarba proiektuan kultura trukearen zenbait alderdi lantzen dira eta zentroan dauden kultura guztietarako hurbilketa sustatzen da. Horretarako unean uneko ikasleen kulturak ez ezik, aurreko urteetan izandako ikasleenak ere kontutan hartzen dituzte eta familien inplikazioa bilatzen dute.