Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar

uriola.eus 2015ko eka. 16a, 15:14

Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen operazioa agindu zuen ertzainburuak, Ugartekok, bihar, asteazkena, ekainak 17, lekuko gisa deklaratuko du Bilboko epaitegietan. Honen aurrean, 09:30ean elkarretaratzea deitu dute epaitegiaren atarian, Buenos Aires kalean, "Justizia orain!" lelopean. 

2012ko apirilaren 9an, hiru urte bete ziren Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota baten ondorioz, Iñigo Cabacas Athleticeko zale gaztea hil zela. Jone Goirizelaia abokatua buru duen defentsak, Ugartekok inputatu gisa deklara zezala eskatu zuen bere garaian, baina atzera bota zioten eskaera. Beraz, lekuko gisara deklara zezala eskatu zuen, eta Bilboko Instrukzioko 10. Epaitegiko epaileak baiezkoa eman ondoren, bihar du hitzordua.

Bestalde, kanpoaldean, elkarretaratzea deitu dute 09:30ean, Ugartekoren deklarazio hartzearen aurrean, beste behin, Iñigo Cabacasentzat justizia eskatzeko. 

Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 9an hil zen, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek eman eta lau egunetara. Apirilaren 5eko gauerdiaren inguruan iritsi zen Basurtuko Unibertsitate Ospitalera, leherketaz buru hezurra hautsita eta garuneko lesio larriekin. Koma egoeran egon zen aireztapen mekanikoarekin, medikuek garuneko heriotza egiaztatu zuten arte.

[2015/04/09] Iñigo Cabacas, 1.095 egun erantzukizunak argitu gabe

[2015/03/24] Udalak Iñigo Cabacas omenduko du ostiralean

[2015/02/12] "Hiru urte eta gero beharrezkoa da honekin bukatzea; gurasoengatik eta Iñigogatik"

[2015/02/25] Cabacas hil zuen pilotakada jaurti zuen ertzain bat identifikatu dute