Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Auzoetako Koordinadorak antolatzen duen Munduko Arrozen eguna aldarrikapen eta eskaera erreibindikatiboak egiteko hitzordua ere bada. Horregatik, joan den larunbatean "parte-hartze eraginkorra, kulturen aniztasuna, kulturenartekotasuna, espazio herrikoien berreskuratzea eta auzoen hobekuntza", bezalako mezuak irakur zitezkeen San Frantzisko auzoan.
Esan bezala, auzoetako koordinadorak ez zuen aukerarik galdu Bilboko Udaleko ordezkariei esku-hartzea eta neurri eragikorrak eskatzeko. "100 urte zaharberritzen eta zarata egiten jarraitzen dugu, entzungo gaituzte", zioen Mariaren Bihotzean kokatutako pankarta batek. Auzokideentzako ere izan zen mezurik. "Zure auzoa okupatu eta auzoan parte hartu", esanez hiritar aktibo izateko deia zabaldu zuen koordinadorak.
San Frantzisko auzoko kale nagusiak zeharkatu zituen kalejira koloretsuaren goiburua 'Herriko arrozak, auzoko ahotsak, munduko ametsak' izan zen. Giroa berotzen jardun zuten Bicho Do Samba batukada taldeak eta Sigi Saga dantza taldeak, umeek jolas eta tailerretan parte hartu zuten, eta sukaldari eta partaideek poesia musikatua eta ekialdeko dantzekin gozatu ahal izan zuten.
Munduko arrozak eta munduko koloreak ikus zitezkeen Mariarenn Bihotza plazan joan den larunbatean. Bangladeshetik etorritako herritarrak edota Bilboko konpartsakideak, esaterako. 100 taldetik gora, 600 arrozetik gora eta 3.000 lagunetik gora. Goizean goizetik boluntario gazte eta helduak elkarlanean aritu ziren arroz herrikoia prestatzen. 300 lagunentzat arroza prestatu eta banatu zuten musu-truk.
Zabala auzo elkarteko Fernando laguna, urtetan presidente karguan aritu dena eta berriki zendu dena, omendu zuten arrozen jaian. Bere senitartekoei aurreskua dantzatu, eta txapela eta argazkia bat oparitu zieten koordinadorako kideek esker ona adierazi eta gorazarre egiteko.