Euskal gizarteko ordezkari ezagun ugariren babesarekin, "konfrontazioan, minean eta sufrimenduan sakondu nahi duten gobernu eta justiziaren jarrera jasan behar izateaz" herritarrak nekatuta eta nazkatuta daudela publiko egin dute Sare herri dinamikako bozeramale Teresa Todak eta Joseba Azkarragak.
Mariano Rajoyren gobernuaren jarrera "oztopotzat" jotzen dute euskal eszenatoki berriaren garapena, elkarbizitza eta sufrimenduaren erreparazio sendoa lantzeko. Bilbon emaniko prentsaurrean euskal jendarteak "oso bestelakoa" den eszenatokian bizi nahi duela adierazi dute.
Horregatik, Sare ekimenaren lehen urtebetetzean, elkarbizitzarako giroa sendotzeko, "inoiz baino gehiago, denok garela beharrezkoak" azpimarratu dute. "Dispertsioaren amaiera lehen helburu bat dela, helburu zabalago baten baitan, hori da, indarkeria guztien ondorioen konponketa orokorrerako". Sareren ustez "ankerra da" larriki gaixo dauden pertsonak espetxeetan mantentzea, bereziki egungo legediak haien kaleratzea ahalbideratzen duenean: "Presoen kolektibo honi sistematikoki aplikatzen zaion Salbuespeneko legediaren guztiz aurkakoak gara".
Europarantz
Pozez hartu du Sare herri dinamikak Parisko konferentzian 100etik gora frantses esanguratsuk sinatu zuten Paris pour la paix adierazpena. Bertan preso eta senideen egoera konpontzeko beharra eta konponbidean "bi gobernuen konpromisoa eskaera" azpimarratu du Teresa Toda Sareko kideak: "Adierazpenak jaso duen aniztasuna eta lankidetza Sarerentzat erreferente dira".
Guztiz bestela jasotzen ditu Sarek Parisek eta Madrilek hartzen dituzten jarrerak. "Europako legediak urratzen dabilela jakinik ere kondenen gehitzea aplikatzen hasia da Rajoy, agerian utziz politika justiziaren gainetik dagoela, partzialtasunik ez dela. Aipatu gabe ezin utzi presoen alde lanean diarduten pertsona zein eragileen aurkako operazioak. Guk argi dugu elkartasuna ez dela delitua eta giza eskubideen urraketak salatzeak ezin duela sekula delitu izan".
Europatik gobernu espainiarraren "jarrera are eta ulergaitzago" bilakatzen duten sententziak heltzen jarraitzen dute. Esaterako, pare bat egun dira, Europako Justizia Komisario den Vera Jourovák, bere kezka azaldu zuela kondenen konputuen inguruan. Hori dela eta erabaki du Sarek bere esfortzuak bertara bideratzea datozen hilabeteetan "Europan eskubide urraketa guzti hauen berri emateko".
Urtebete mamitsua eta baikorra
"Milaka laguni" eskerrak eman nahi izan dizkie Sare elkarteak "preso, iheslari eta deportatuen, hala nola beren senideen eskubideen defentsan, mezua zabaltzeko" egindako lanagatik. Herri, hiri eta auzoetan antolatu ditren ekitaldi, hitzaldi, ekimen edota elkarrizketak ezinbestekoak izan dira "jendartean dagoen kezka agerian uzteko eta kontzientzia sozial honi bultzada emateko".
"Gure balantze orokorra positiboa da, horretaz, nahiz eta jakitun izan oraindik ahuleziak ditugula eta lan asko, lan bolondres eta iraunkorra, egin beharko dugula. Oztopo handiak ditugu eta izango ditugu egiteko dugun bide honetan".
Bai euskal jendartean bai euskal eragileen artean, dispertsioarekin bukatzeko beharra eta muturreko egoerei aurre egiteko premia, preso gaixoen arloan, esaterako, "gero eta barneratuago dugula" konturatu da Sare. Elkarbizitzarako bidean, "ezinbestean konpondu beharreko afera dugu preso gaixoena".
Urtebete "mamitsua" izan da Sarerena. Zenbakiek frogatzen dute eginiko bidea: 96 herritan zabaldu da Sare; 22 hitzaldi, 40 aurkezpen eta 108 mobilizazio antolatu ditu. "Esan dezakegu Sare aktibo dagoela, ekimenetan ere aniztasunetik abiatuz".
Bereziki aipatzekoak dira, joan den irailaren 20ean Miribillan Sarek antolatu zuen ekitaldia, non Dispertsioaren Liburuxkaren ideia marraztu zuen; azaroaren 1ean, Liburuxka aurkeztu zuen Gasteizen; urtarrileko mobilizazioan "argi adierazi genuen dispertsioarekin amaitzeko beharra dagoela". Mobilizazioaren arrakasta, ordea, polizia operazioarekin "ezabatzen saiatu zen" Audientzia Nazionala.
Dispertsioaren Liburuxka munduan zehar zabaltzen jarraitzen du Sarek. "Pausoz pauso, poliki baina gelditu gabe; urrutira iristen ari da". Uda honetan, PDF formatuan egongo da lantaldearen web gunean eskuragarri, www.sare.eus. Bertan egunerokoan Sareren berriak jarraitzeko aukera dago.