"Ulertezina" eta "lazgarria" da Iñigo Cabacas "hil zutela" hiru urte baino gehiago pasa direnean, Ertzaintzaren egun hartako operazioburuak, Ugarteko ezizena duen karguak, gaur deklaratzea, lekuko gisa, Bilboko Instrukzioko 10. Epaitegian. Auzitegi atarian kontzentratu diren Iñigo Gogoan herri ekimeneko eledunen esanetan, "azalezina den egoera azaltzen du hiru urteren ondoren lehen aldiz arduradun nagusi eta zuzenak deklaratzea". David Gonzalezen arabera, Ugartekok "Deustutik, dispositiboaren kanpotik, agindu zuen 'guztiarekin kargatzeko', pertsona ugari zegoela kalexkan Athleticen garaipena ospatzen, tartean Iñigo".
Ertzaintzaren deskarga ostean, zauritu bat zegoela edo zorabiatua izan zitekeela aipatu zen agenteen arteko elkarrizketetan. Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideek salatu dutenez, Ugartekok "zorabiatuta zegoela esan zuen", hau da, "lehen unetik bertsio alternatiboa maneaitu zuen".
Marta Perez herri ekimeneko kideak arduradun publikoak jo ditu Ugarteko babesteran erantzule. "Politikariek hautatu dute Ugarteko eta beraiek babestu dute, eta horregatik beraien ardura ere bada". Iñigorentzat justizia eskatzeko lantaldea sortu zenean, "politikariek esan ziguten justiziari bere bidea egiten utzi behar zaiola", azaldu du Perezek. "Ez dela nahikoa ohartu gara, eta auzi bideak lotuta duela ardura politiko zuzena. Horri ez zaio heldu orain arte, eta hiru urteren ostean hemen egoteak arrazoia ematen digu".
Eredu polizialaren eztabaida eta aldaketa
Ertzaintzaren eredu poliziala "guztiz desenfokatuta" dago, eta "goitik beherako eraldaketa" behar du Iñigo Cabacasen lagun eta senideen arabera. Gaiak gizarte mailako eztabaida eskatzen du, "egoera honi behar duen tamainan erantzuteko gai ez direlako izan politikariak". Adibide bezala jarri dute, Eusko Legebiltzarrean izandako eztabaidan ez zirela pilotak "erabat" debekatu. Horregatik, Iñigorena "azken heriotza izateko gomazko pelotak kaletik atera behar dira", eta horretarako, "berandu bada ere eztabaida sakon bati ekin behar zaio".
Ertzaintzaren eredu aldaketa eskatzeko Cabacasen hurbilekoek aipatu duten beste gertakarietako bat da Leitzan kamioizalea erail zuen ertzainaren kasua. Ertzaintzan dagoen kontrol faltaren erakusle da: "Kontrol eza Ertzaintzan zabalduta dago eta horren gaineko kontrol politikorik ere ez dago".
Ordu erdi iraun du Buenos Aires kalean 50 bat lagunen elkarretaratzeak. Bertan parte hartu dute Iñigo Gogoan herri ekimeneko kideekin batera EH Bilduko ziengotziek edota Sare Antifaxistako kideek, besteak beste. 10:00ak baino minutu batzuk lehenago heldu dira epaitegira Iñigo Cabacasen guraso eta familiako abokatu Jone Goirizelaia. Elkarretaratzean parte hartu duten lagunen babesa jaso dute auzitegira sartzean.
[2015/06/16] Cabacas kasuaren baitan 'Ugartekok' lekuko gisa deklaratuko du bihar