Takbar Haddiren gose greba eta saharar herritarren borroka babesteko manifestazioa egingo dute

uriola.eus 2015ko eka. 18a, 13:44

Argazkiak: Ezker Anitza Bilbao

Bere semearen heriotza argitzeko Takbar Haddi emakume sahararra egiten ari den gose greabarekin -34 egun daramatza- bat egin dute Euskal Herrian hainbat lagunek. Atzo arratsaldean 24 orduko baraualdia hasi zuten Eliptika plazan kokatutako jaimapean. Gaur protestei amaiera emateko manifestazioa deitu du Bilbon saharar komunitateak.

'La ONU traiciona, el pueblo saharaui reacciona' dioen pankarta eskegita duen jaimapean babestuta eman dute gaua atzo 18:00etan baraualdia hasi zuten jatorri ezberdineko lagunek. Tartean daude Euskal Herrian bizi diren saharauiarrak eta Takbar Haddiri babesa agertu nahi dioten euskaldunak ere, besteak beste, EH Bildu, Udalberri eta IU Ezker Anitzako kideak.

24 ordu emango dituzte jan gabe. Protesta gaur 18:00etan bukatutzat emango dute manifestazioa eginez. "Euskal gizarteari, eta bereziki bilbotarrei, protesta egunari amaiera emateko, gaur, ekainak 18 osteguna, arratsaldeko 18:30ean plaza Eliptikotik abiatuko den manifestazioan parte hartzera", dei egin diete.

Mohamed Lamin Haidala gazte sahararra 2015eko otsailaren 8an hil zen Marokoko kolono talde baten eraso bortitza pairatu ondoren. Geroztik, bere familiak gertakari arrunt bat ez zela izan salatu du. Eta eraso horren ondotik mediku, polizia eta agintari marokoarrek izan duten jokabidea, gaztearen gertukoek eginiko salaketa indartzera dator.

Kanariar Uharteetan bizi den gazte sahararraren amak, Takbar Haddik, gose grebari ekin zion joan den maiatzaren 15ean. Bere eskaera guztiz bidezkoa da: Haddik bere semearen hilotza berreskuratu eta bere heriotzaren nondik-norakoak argitzea eskatzen du.

Ama saharar hau bere protestaren helburuak ezagutarazteko joan zen Bruselara, Europako Parlamentura. Bertan talde politiko ezberdinerako ordezkariekin egon ostean, haien sostengua jaso zuen; horien artean Josu Juaristi Euskal Herria Bilduren eurodiputatuarena.

Atzo, Amaiurreko Senataria den Urko Aiartzak gobernuari zuzendutako galdera erregistratu du, "Haidalaren kasua sahararrek lurralde okupatuetan jasaten duten egoeraren beste adibide bat da, lurralde okupatuetan giza eskubideen urraketak etengabeak direla" azaldu du eta "MINURSOk ez duela urraketa horiei jarraipena egiten bere agintaldia luzatzeko Segurtasun Kontseiluan dagoen akordio ezaren ondorioz", gehituz, eta senatariak gogorarazi duenez, Nazio Batuen Corell txostenaren arabera, Espainiako Estatua da "administrazio boterea deskolonizazio prozesu horretan oraindik".

 

[2015/06/17] Takbar Haddi ama sahararraren kasua salatu dute Bilbon