Iazko uztailean Auzitegi Nazionalak, 35/02 sumarioaren baitan, emandako epaiak 20 lagun zigortzeko eta 103 Herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, "ETAren fronte instituzionala" osatzeagatik eta "ETAren egitura" finantzatzeagatik. Epai horren aurka aurkeztutako helegitea partzialki onartu du Auzitegi Gorenak.
Gaur eman du ezagutzera bost zigor gogorrenak arindu dituela. Tartean dago, Karmelo Landarena. Gorenak urtebete eta hamar hilabetera mugatu du Auzitegi Nazionalak 2014ko uztailean ezarritako hiru urteko kartzela zigorra. Auzia luzatu izana hartu du kontuan epaimahaiak zigorra murrizteko. Inhabilitazioa ere ezarri diote Landari tarte horretan.
Auzitegi Nazionalak iazko uztaileko epaian 103 Herriko taberna konfiskatzeko agindua eman zuen, "ETAren egitura" finantzatzeagatik. Auzitegi Gorenak epai hori berretsi du -Antxeta, Gorgo Mendi, Irati eta Harotz Toki tabernenaren kasuan izan ezik- eta taberna horiek konfiskatzeko eskatu du. Itxi eta konfiskatuko dituzten tabernen zerrendan, aurrez epaiketatik kanpo utzitako hainbat taberna eta kultur elkarte sartu dituzte berriro. Horien artean daude Zorrotza auzoko Askabide, Donostiako Aitzkora, Antiguotarrak eta Ilunbe elkartea, Hernaniko Antxista Elkartea eta Pasai Antxoko Basari.
Bilbon 10 herriko tabernari eragiten dio epaiak
Konfiskatuko dituzten Herriko taberna eta elkarteen zerrendan daude Bilboko hamar. Meatza-Abusu, Errondabide-Alde Zaharra, Goizalde-Bilbo Zaharra, Goiko Alde-Deustu, Kirruli-Indautxu, Artagan-Santutxu, Uribarri elkartea, Zohardia-Errekalde eta Askabide-Zorrotza, alegia. Hamargarrena Altamira auzoko Txalaparta elkartea da, "aspaldi itxita" dagoena.
Deialdiak
Bilboko auzo askotan deitu dituzte mobilizazioak. Santutxun, esaterako, manifestazioa egingo dute 'Aski da! Herriko Taberna guztiak libre eta zabalik' lelopean, 19:30ean, Santutxun Herriko tabernatik abiatuta.
Alde Zaharrean, Etxebarrieta plazan, elkarretaratzea egingo dute 19:30ean.
Indautxun, berriz, Kirruli elkartean asanblada herrikoia egingo dute 20:00etan.
Auzitegi Nazionalaren 2014ko epaia
35/02 sumarioaren baitan, Auzitegi Nazionalak zigortu zituen 20 lagunen artean lau bilbotar zeuden. Karmelo Landa mahaikideari hiru urteko espetxe zigorra ezarri zioten ETAko kide zelakoan eta Jon Martinezi, Patxi Bengoari eta Ruben de Andresi urtebete eta hiru hilabeteko espetxe zigorra 'herrikoen' arduradun izan eta ETArekin kolaboratu zutelakoan. Sabin del Bado absolbitu egin zuen epaileak froga faltagatik.
[2014/07/30] Ezker abertzaleko lau militante bilbotar zigortu dituzte 'herrikoen' auzian
[2014/03/20] Karmelo Landa: Herriko Tabernen auziaren amaieran, 8 ondorio
[2014/03/12] Bilboko Herriko Tabernei babesa helarazteko elkarretaratzeak gaur