'Herriko tabernen' itxiera salatu dute ehunka herritarrek

uriola.eus 2015ko eka. 19a, 09:25

Bilboko 10 Herriko taberna itxi eta konfiskatzeko agindu du Espainiako Auzitegi Gorenak 2014ko uztailean Auzitegi Nazionalak emandako epaia berretsiz. Altamiran salbu, auzoko Txalaparta elkartea aspaldi itxita dago, gainerako bederatzi auzotan bilbotarrek kalean aldarrikatu dute "Herrikoak libre eta zabalik” nahi dituztela.

Auzitegi Gorenaren zigor-epaiak 107 Herriko tabernaren inkautazioa ebatzi zuen atzo. Sortu alderdiaren arabera, epaiarekin "1936ko gerratik hona jazarpen politikoagatik eman den jabego konfiskaziorik handiena konfirmatzen da". Konfiskazioaren larraitasuna lokalen balio ekonomikotik harago doa Pernando Barrenaren hitzetan: "Zilegia den aktibitate politiko alternatibo eta legala aurrera eramateko bitartekoak ari zaizkigulako indarrez kentzen. Eta gainera honi gehitu behar zaio hamarnaka lanpostu galduko dela konfiskazioaren ondorioz".

35/02 sumarioaren epaian "independentismoa eta ilegalizazioaren ankerkeriari aurre egin izana zigortu da". Eta horrela, "Ezker Abertzaleari faktura pasa egindako hautuagatik eta alternatiba independentista eta ezkertiar gisa etorkizunari begira duen potentziala higatu eta erasotu nahian. Alternatiba politiko herritarra hegemonikoa izatera ez iristea bilatzen dute gu kolpatuz. Azken finean euskal herritarrak noizbait beren buruaren jabe izatea ezinezko egin nahi dute eta horretarako Ezker Abertzalea da duten oztopo nagusietako bat", Barrenaren aburuz. 

 

 

Enkantean aterako dituzte Herrikoak

Herriko tabernak itxi eta enkantean aterako dira, Espainiako Justizia Ministerioko iturriek Efe agentziari adierazi diotenez, eta bertatik jasotako dirua Espainiako Altxor Publikora eramango dute. Auzitegi Nazionalak eman zuenez lehen epaia, hari dagokio tabernak itxi eta enkantean ateratzeko agindua ematea.

Ministerioak aitortu du tramite horiek denboran luzatu ohi direla. Horiek arintzeko, Auzipetze Kriminaleko Legearen erreforma baliatuko du Espainiako Gobernuak, horren bidez sortuko baitu Aktiboak Berreskuratu eta Kudeatzeko Bulegoa.

 

Bederatzi Herriko, bederatzi protesta Bilbon

Santutxun “Herrikotik ez dira pasako” oihukatu zuten dozenaka auzotarrek Herriko tabernan hasi eta bertan amaitu zen manifestazioan.

“Ez dugu sententzia onartzen” zioten Etxebarrieta Anaien plazan elkartutako Alde Zaharreko auzotarrek. Atzo arratsaldez elkarretaratzea egin zuten ‘Errondabide libre’ lelopean, “gure auzoko Herriko Tabernaren defentsan”.

Deustuko San Pedron plazan ‘Herriko taberna libre’ zioen pankarta zabaldu zuten Goiko Alde elkartea babesteko eta manifestazioa egin zuten ondoren.

Zorrotzan 50 auzokide baino gehiagok Askabide elkarteari babesa eman zioten. Epaiketa politikoen amaiera eskatu zuten: “Bahitu, lapurtu, zigortu, isildu... zorrotzarrok argi daukagu, irabaztera goaz”, aldarrikatu zuten.

Bilbo Zaharrean, San Anton zubiaren ertzean elkartu ziren auzotarrak 'Goizalde libre' lelopean.

Uribarritarrek 'Herrikoak libre eta zabalik' lelopean Uribarri Elkartearen aurrean elkarretaratzea burutu zuten.

'Lapurrak dira' zioen pankartarekin kontzentratu ziren Abusuko Meatza elkartean.

Errekalden manifestazioa egin zuten auzoan zehar 'Herrikoak libre eta zabalik' eskatzeko.

Indautxun, Kirruli elkartean, 150 lagunetik gora izan ziren parte hartzen elkarretaratzean eta asanbladan. Gaur, ostirala, 16:00etan auzoan propaganda banatzea erabaki dute eta 21:00etan manifestazioa egitea.

 

[2014/07/30] Bilboko 10 'Herriko taberna' konfiskatuko dira Auzitegi Gorenaren aginduz

[2014/07/30] Ezker abertzaleko lau militante bilbotar zigortu dituzte 'herrikoen' auzian

[2014/03/20] Karmelo Landa: Herriko Tabernen auziaren amaieran, 8 ondorio

[2014/03/12] Bilboko Herriko Tabernei babesa helarazteko elkarretaratzeak gaur