"Bizkaitarrak ez daude Garoñak dakarren arriskuaz kontzientziatuta"

uriola.eus 2015ko eka. 19a, 10:47

Espainiako gobernuak hurrengo hilabeteetan erabakiko du irekitzeko baimena emango dion Garoñako zentral nuklearrari. Hori dela eta, "herritarron ahotsa ozen entzun dadila eta gure iritzia zabal dadila" eskatzeko sortu dute Bizkaiko zenbait eragilek gaur aurkeztuko duten foroa. "Orain da unea indarrak batu eta azken ahalegina egiteko hurrengo belaunaldiek Garoñaren mehatxupean bizi ez daitezen".

Euskadi plazan Iberdrola dorrearen aurrean arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko dute Garoñaren kontrako Bizkaiko foroa. Ekitaldi "xume" izango dela aurreratu dute. Bertan foroaren nondik norakoak azalduko dituzte eta Garoñaren kontrako adierazpena irakurriko dute.

Nuclenorren ustiapen baimenaren bukaera argitaratu zen BOEn 2013an, baina, "oraindik ere, irekitzeko mehatxua indarrean dago". Izan ere, Espainiako Segurtasun Nuklearrak zentrala irekitzeko baimen berria eskatua dio Espainiako Industria eta Energia ministerioari, Garoña 2031. urtera arte irekita egon dadin.

 

Ixteko arrazoi "gehiegi" daude

• Lehenengo belaunaldikoa da Garoñako zentrala, hau da, "erabat zaharkituta dago eta, ondorioz, arriskutsua da".

• Aurreikusitako iraupena 40 urtekoa zen, eta "denbora hori aise pasatu da".

• Fukushimakoa bezalakoa eta, "ikusi denez, erraz hondatu zen ordu gutxiren buruan elektrizitaterik gabe geratzean".

• Belgikako Segurtasun Nuklearreko Agentziak eredu bereko 20 zentral itxi behar direla ebatzi du, segurtasuna ez dutelako "inondik inora betetzen". 20 zentral horien barruan Belgikan bertan itxiko dituzten bi, Fukushimakoa, Garoñakoa, Cofrentesekoa eta beste batzuk daude. 

• Zentral honek daukan euste sistema Mark I motakoa da eta, Estatu Batuetako Energia Atomikoaren Batzordearen arabera, "ez da egokia".

• Hondakinen biltokia "betetzear dago".

• Kokapena: Ebro penintsulako ibai garrantzitsuenetakoa da eta bere menpean milaka nekazari eta herritar daude, nekazaritza gune garrantzitsua da. Istripu larri bat gertatuz gero "Ebro arrorako hondamendia litzateke".

• Orain arte istripu "asko" izan dituelako, horietako bat 3. mailakoa ("7ko eskala batetik"): pitzadurak, geldiuneak "hainbat arrazoi direla eta".

• Max Institutuko ikerketa baten arabera, 10 edo 20 urtero Txernobil edo Fukushima moduko "istrupu" bat gerta daitekeelako, Max Planck.

 

Bizkaitarrontzat zer?

"Bizkaitarrak ez daude Garoñak dakarren arriskuaz kontzientziatuta, urrun ikusten dute". Bilbo 58 kilometrotara baino ez dago. Hurbil. Adibidez, Fukushiman bezalako istripua egonez gero Ordunte urtegia elikatzen duten ibaien eremuak kutsatuko lirateke, baita Zadorra sistemako eremuak ere.

Ur barik: Garoñan istripua gertatuz gero Bizkaian edaten den "ur gehiena ezingo zen erabili" ez sukaldatzeko, ezta edateko ere.

Hildakoak: Fukushiman 47.000 hildako aurreikusi dituzte minbiziagatik datozen harmarkadetan. Garoñan istripu bat gertatuz gero, minbizia kasuen "igoera handia" izango zen Bizkaian.

Desplazatuak: Bizkaia ez dago ebakuazio eremu barruan, "baina herritar askok alde egingo lukete ingurune osasuntsuagoetara bizitzera, batez ere, Ordunte eta Zadorra sistemetako urak kutsatuz gero".

Ekonomia: ekonomikoki Bizkaiak "nabarmen igarriko luke": desbalorizazioak edota enpresa batzuen alde egitea.

 

Historia apur bat

Garoñako zentral nuklearra 1966an hasi zen eraikitzen Iberduero eta Electra de Viesgok osatutako Nuclenor enpresa. 1971eko martxoaren 2an abian jarri zen. 1990tik 2009ra Garoñak 136 akatsen eta istripuen berri eman du.