Sua egiteko aholkuak eta hartu beharreko neurriak

uriola.eus 2015ko eka. 23a, 08:30

Tradizioaren garra bizi-bizi itzuliko da aurtengo San Juan gauean, eta urtero legez, Udalak badaezpadako neurriak hartu behar direla gogoratu die herritarrei, arriskuak baztertzeko asmoz eta biharko gaua era egokian ospatzeko. 

Funtsean, Udalak gogoratu du, Segurtasun Sailaren bitartez, debekatuta dagoela likido suharberak edo lehergaiak erabiltzea sua pizteko, bai eta ke toxikoak sortzen dituzten materialak erretzea ere.

San Juan gaueko suei eragin diezaieketen indarreko gainerako lege-arauak eta beste instituzio batzuek gai honi buruz plazara ditzaketen ohartarazpenak baztertu gabe, Bilboko Udalak honako hau adierazi du:

• Sua egiteko pilatzen diren materialek, erretzen hasi baino lehen, ez dute hiru metro baino gehiago izango.

• Erretzeko material horiek solidoak izango dira, eta ondorioz, debekatuta dago lehergaiak edo likido suharberak erabiltzea. Era berean, debekatuta dago ke handia sor dezaketen materialak erabiltzea (gurpilak, ehun-olioak, etab.).

• Sua edozein eraikin, linea elektriko, instalazio edo objektu finko nahiz mugikor eta mota guztietako ibilgailutatik 15 metrora jarri behar da gutxienez.

• Debekatuta dago sua urbanizatutako zoladuraren gainean jartzea, asfaltoa edo lauzak izan.

Udalak, halaber, laguntza eskatu die herritarrei, baimendu gabeko edota baldintza horietakoren bat betetzen ez duten suak piztearen aurka jokatzeko, 092 Bilboko Udaltzaingoaren telefonoaren bitartez.

Baimendutako suak

Horren haritik, gogoratu du suak pizteko ezinbestekoa dela Udaleko Espazio Publikoa Erabiltzeko Bulegoaren aldez aurreko baimena izatea. Aurten 14 dira guztira baimendutako suak, eta honako gune hauetan kokatuko dira:

• 1. Barrutia: Berrizko ibarbidea (Deustu), Portueder plaza (San Inazio- Elorrieta), Elorriaga mendia (Arangoiti), Eugenio Olabarrieta plaza, San Pablo elizaren atzeko aldean (Deustuibarra).

• 2. Barrutia: Uzturre plaza (Matiko).

• 3. Barrutia: Ugarte plaza (Otxarkoaga).

• 4. Barrutia: Etxebarria parkea, Sagarminaga 4-6 (Santutxu), Karmelo plaza (Santutxu).

• 5. Barrutia: Ibaieder parkea (Abusu), Goribibeaskobidea (Buia), Bilbo Zaharra plaza (Bilbo Zaharra).

• 8. Barrutia: Hiru zuhaitz txikien futbol zelaiaren atzealdea (Masustegi) eta Azoka parkea (Zorrotza).