Bizkaia plazan kokatuta dagoen Lanbideren bulego aurrean su eman zioten atzokoan hainbat dokumenturi. “Lanbidek genero indarkeria babesten duela” salatzeko protestaldia izan zen, Bizkaiko dozena bat emakume taldek eta gizarte eragilek sustatua. 2011tik Lanbidek Diru-sarrerak Bermatzeko Errentaren (DBE-RGI) kudeaketa bereganatu zuenetik, "errepikatzen ari dira politika hipokrita, mugatzaile eta kaltegarriak, emakumeei era larriagoan eragiten dietenak".
Lanbidek indarkeria jasan duten pertsonei arreta eskaintzeko espazio fisikorik ez duela adierazi dute elkarteetako kideek eta ondorioz, beharrezko duten intimitatea ez dela bermatzen. Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE-RGI) jaso ahal izateko emakumeek erasotzailearen urruntze agindua indarrean izan behar dute. Laguntza hori emateko edo ukatzeko, elkartekideen arabera, "urruntze agindua ez da argudio izan behar".
"Tratu txar instituzinalaren" adibide gehiago ere eman dituzte. Esaterako, urtebeteko epea baino lehen, epaitegian senarrarengandik bereizi behar dute, eta epe hori betetzea "ez da beti erraza" prekaritatea eta bazterkeria bizi duten emakumeentzat.
Eskubideen urraketen aurrean, lau puntuko proposamen zerrenda helarazi diote Eusko Jaurlaritzari. Indarkeriaren biktimentzako arreta protokoloa sortzeko, udaletako gizarte zerbitzuen esku egongo dena edo Lanbideren baitan, "baina formakuntza egokia duten zerbitzu espezializatu baten esku"; urruntze-agindua indarrean izateko eskaria baztertzeko, eta horren ordez "biktima izaeraren balorazioa eskatzeko"; urtebeteko epea luzatzeko senarrarengandik banatzeko; eta ohiko etxebizitzaren errendimendu ekonomikoaren eskaera ez egiteko "emakumea egoera horri aurre egiteko gai dela gizarte zerbitzuak ziurtatu bitartean".