Auzitegi Gorenaren epaiak ilegalizazio politikaren oinarri berbera du Barrenaren aburuz, "jazarpen ideologikoa". Hein berean, 35/02 sumarioaren epaiak "ilegalizazio politikari aurre egin izana" zigortu du: "Zalantzarik ez dugu, duela 14 urte abiatutako prozesu hauen helburua gure herriaren etorkizuna baldintzatzea da. Salbuespenezko egoerra amaiezin batera kateatu nahi gaitu Estatuak".
Ezker abertzaleko kideengan 14 urtez egindako "borrokak" utzi du irakaspenik. Pernando Barrenaren arabera, "garai politiko berri bat irekitzeko hautua egin genuen eta Estatuak jarritako oztopoak handiak diren arren, hamarkada luzetan egindako borrokari esker eta hein handi batean ilegalizazioari aurre egin geniolako, agertoki berri bat sortzen ari gara gure herrian".
Aurrera begirako bidea eta lanari buruz ere hitz egin du Barrenak: "epaiketa eta sententzia politikoei aurre egitea eta era berean epaiketa eta jazarpen politiko ororen amaiera exijitzea". Hori dela eta, datozen egunetarako antolatu dituzten mobilizazioetan parte hartzera dei egin du ezker abertzaleak, "bai epaia salatzeko bai Herriko tabernak defendatzeko".
"Herriko tabernak defendatzera goaz"
Iñigo Saez de la Fuentek hitz egin du gaurko agerraldian Herriko tabernen izenean. Auzitegi Gorenaren epaia "Estatu espainiarrean jazarpen historia luzearen beste katebegi bat da" Saez de la Fuenteren hitzetan, eta ebazpenak "1936an faxistek eginiko lokal eta ondasunen lapurreta erreproduzitu du". Neurriak dozenaka langileren gain izango dituen ondorioak ere salatu ditu. "Ez dugu sententzia hau onartzen. Ez dugu lapurreta hau onartzen. Herriko tabernak defendatzera goaz eta defentsa horrekin bat egitera deitzen ditugu euskal herritarrak", adierazi du.
Lehen protestak asteburuan izango dira. Ekimen anitzak antolatu dituzte Herriko tabernak itxiko diren herri eta auzoetan: itxialdiak, giza kateak, manifestazioak, jaiak..."eta herritar orori dei egiten diogu protestekin bat egin eta eraso hau salatzeko".
Bilboko deialdiak
Alde Zaharrean, gaur -osteguna- kantu poteoa egingo dute kamiseta laranja jantzita auzoan zehar. Larunbatean, 'Errondabide Eguna' ospatuko dute; marea laranja, auzo murala, parrillada eta poteo zaratatsua antolatu dituzte, besteak beste.
Santutxun, bihar, ekainak 26 ostirala, asanblada egingo dute 20:00etan eta 20:30ean Karmelo plazatik hasita giza katea egingo dute.
Indautxun, bihar, ostirala, 20:30ean murala margoztuko dute Kirruli elkarteko pertsianan eta 22:00etan mosaikoa osatuko dute. Hurrengo asteko ostegunean, uztailak 2, 'Informazio Eguna' antolatu dute.
Bilbo Zaharrean, "Goizalde libre eta zabalik" lelopean, igandean, hilak 28, eguerditik aurrera hainbat ekintza antolatu dituzte: ikurren margoketa, txapa tailerra, argazkia eta bazkaria.
Deustun, uztailaren 2an -osteguna-, argazki erraldoia egingo dute Done Petri plazan lehenik eta jan-edana izango dute gero. Uztailaren 4an -larunbata-, 'Azken-aurreko guda dantza jaia' ospatuko dute, poteo musikatua, bazkaria, argazkia eta zuzeneko musika ez dira faltako.