Zaintza partekatuaren legea "ikuspegi partzialetik eginiko legea" dela deritzo LABek

uriola.eus 2015ko eka. 30a, 08:10

Argazkia: euskadikogurasobananduenfederakuntza.blogspot.com.es

Gaur onartzekoa den zaintza partekatuaren lege aldaketak, egun, emakume eta gizonen artean ematen diren bereizkeria eta desoreka egoerak ez dituela kontuan hartzen uste du LAB sindikatuak. "Berdintasun egoera batetik abiatuko bagina bezala jorratzen da legea, emakumeok bizitzen dugun zapalkuntza egoera estaliz, eta beraz, arazoaren muinari heldu gabe".

"Zoritxarrez" errealitatea oraindik "oso bestelakoa da" sindikatuaren esanetan, eta datuek horrela baieztatzen dute. Gaur egun zaintza lanak betetzeko lanaldia murriztua dutenen %93a eta zaintzarako eszedentziak eskatzen dituzten %95a emakumeak dira.

Egoera hau gertatzen da besteak beste, enplegua eta bizitza bateragarriak egiteko dauden kontziliazio politikak "ez diotelako behar honi modu integral batean heltzen". LABen hitzetan, "ez daude erantzunkidetasuna bultzatzeko pentsatuak, emakumeok egiten dugun zaintza lan ez ikusiaren bitartez, egungo jendarte kapitalista heteropatriarkala sostengatzen jarraitzeko baizik".

Bestetik, emakume eta gizonen arteko soldata arrakalak handia izaten jarraitzen du. Emakumeek enplegu duin bat izateko eskubidea, oraindik ere, ez dutelako onartua, "andrazkoena soldata gehigarri gisa ulertzen" da. Horren ondorioz, kontratu partzialen %83a emakumeek betetzen dute, eta honek "prekarietate eta pobrezia egoerak areagotzen ditu emakumeen artean nahiz eta enplegua izan".

LABek urteak daramatza "lanaren ikuspegi integrala" aldarrikatzen eta emakume eta gizonen arteko erantzunkidetasuna bultzatzeko neurriak eskatuz.

Hortaz "zaintza partekatua aldarrikatzen dugu, halere zaintza hau, umeen jaiotzatik bertatik egitea aldarrikatzea ezin bestekoa deritzogu. Baina lege honek, ez dio gai honi heltzen. Hortaz ikuspegi partzial batetik eginiko legea iruditzen zaigu, umeen interesak lehenetsi beharrean bestelako interesak aintzat hartzen dituena".

Zaintza mota dena dela ere, "zaintza arduratsua bermatu behar da" LABen iritziz: "Honek konponbide indibidualak bilatzea exijitzen du. Eta hau egin ahal izateko, aurretik aipaturiko errealitate guzti hauek ere kontuan hartzea ezin bestekoa iruditzen zaigu".