EH Bilduk eta Goazen taldeek aurkeztuko soldatak murritzeko zuzenketak baztertu dituzte EAJk eta PSEk. Gaurko saioan Udal Gobernuaren proposamenak egin du aurrera, ordezkari publikoen soldatak ez jaitsi ez igotzeko proposamenak, hau da, aurreko legegintzaldian bezala mantentzearen aldekoak, hain zuzen ere. EH Bilduk, Udalberrik eta Goazenek aurka bozkatu dute, eta PP abstenitu egin da.
Hortaz, Aburto alkateak 89.514 euroko soldata izango du urtean, alkateordeek eta sailetako koodinatzaileek 81.561 eurokoa, eta zinegotzi ordezkariek eta taldeetako bozeramaleek 62.292 eurokoa.
Bilboko alkatearen soldata Donostiako egungo alkate Eneko Goiarena baino %11 handiagoa da eta Gasteizko Gorka Urtaranena baino %12 handiagoa. Aburtok Iruñeko Joseba Asiron alkateak baino 28.000 euro gehiago irabaziko du urtean, Asironek bere soldata %17 jaitsi ostean.
EH Bilduk soldatak %10 jaisteko proposamena egin du eta Udalberrik eta Goazenek, aldiz, soldatak hilean 2.200 euro garbira mugatzeko iradokizuna aurkeztu dute, soldata "eredugarria" gainerako hiritarrentzat. Biak errefusatuak izan dira.
Aitziber Ibaibarriagak adierazi duenez, "eskandalagarria da" Bilboko Udaleko soldatek EAEko batezbesteko soldata "hirukoiztea".
"Hiritarrek gure soldatak ezaguturik, soldata irabazten dugula jakitea nahi nuke", esanez eman du bukatutzat eztabaida Aburto alkateak.
Proportzionaltasun eza, oposizioa egiteko bitarteko eza
Bilboko Udaleko 20 liberazioetatik 16 EAJ-PSEren esku geratuko dira legegintzaldi berri honetan. Oposizioko alderdiek gogor salatu duten neurria izan da. "Kontrol neurririk gabe" geratuko direla adierazi dute oposizioko bozeramaleek.
EH Bilduk, esaterako, Udalaren parte-hartzea duten enpresetako ordezkaritzak proportzionala eta egungo aniztasun politikoaren isla izan behar duela defendatu du. "EAJ-PSEren gobernuak postuen %80 bereganatu ditu Udalbatzan ordezkaritzaren %58 duenean", salatu du Ibaibarriagak. "Zelako harrapakina".
Udalberrik ere ildo berean kritikatu ditu Aburto eta Gil. "Aniztasun ezaren eta ondorioz gardentasun ezaren adierazle gisa, Aburtoren gobernuak, ez die uzten oposizioko talde politikoei Udalaren parte-hartzea duten enprestan ordezkaritza izaten. EAJk gehiengoa duenetik egiten duen praktika honi uko egiten diogu hiritarrekiko arduragabetasunaren sinboloa delarik. Enpresa horien gestore moduan soilik gobernuko taldeak egoteak fiskalitate lan gardena eta zuzena egitea oztopatzen du, eta ezinbestekoa da, batik bat hauetako batzuk, esate baterako Bilbao Ria 2000 eta Ur Partzuergoak, praktika irregularren susmoa dutelako. Alfonso Gil jaunak, urte hauetan praktika hauek salatu dituenez, orain, gobernuan dagoela, hau aldatzea eskatzen diogu".
Bi milioitan handituko da aurrekontua
Gaurko bilkurako azken puntu gisa Udal Gobernuak 2.011.000 euroko kreditu gehigarri bat onartzeko proposamena mahaigaineratu du Udalaren 2015eko Aurrekontuko Gastuen atalean. Tokiko Administrazioko funtzionarioen Gizarte Segurantzako Erregimen Bereziko funtzionarioen 2015eko bigarren seihileko kotizazio gehigarriak ordaintzeko, hain zuzen ere.
EH Bilduko Lander Etxebarriak mesfidati hitz egin du kreditu gehigarri horri buruz. Kredituaren jatorrian "kudeaketa txarra ala ahazte aproposa" dagoen galdetu die EAJ eta PSEri. "Susmo txarra" sortu du EH Bildurengan. "Gure taldeak argi dauka diru hori beharrezkoa dela eta hasieratik egon behar izan zela Udal Aurrekontuan sartuta. Gai honek susmo txarrenak eragiten dizkigu eta, horrenbestez, gure botoa abstentzioa izango da", esan du Etxebarriak.
Emakumerik ez Presidentetza Mahaian
Lehen Osoko Bilkurak utzi duen argazkietako bat Udalbatzako Presidentetza Mahaiarena izan da. Gizonezkoek osatua. Ez dago emakumerik. EH Biduko Alba Fatuarteren esanetan "ez gara ondo hasi". Sare sozialetan Fatuartek argitaratu duenez, "emakumerik ez Udalbatzako mahaian eta Berdintasun Sailak zentralitaterik ez du organigrama berrian".