Hamar ildo estrategikotan oinarrituta landu ditu Udal Gobernuak 70 jarduera zehatz baino gehiago. "Ekintza Plan hau Bilborekin, bilbotarrekin, auzoekin eta gure gizartearen lehentasunezko beharrizanekin daukagun konpromisoaren beste adierazle bat da" Aburtoren esanetan. Halaber, udal gobernu berriak diseinatu duen "ibilbide-orriaren hasiera" baino ez dela nabarmendu du.
Enplegua, jarduera ekonomikoa eta herritarren ongizatea izango dira funtsezko hiru lehentasunak eta etorkizunean beste ardatz batzuk gehituko zaizkio, 10 mugarri gehitu arte. Urriaren 1a baino lehen "70 jarduera baino gehiagon gauzatzeko konpromisoa" hartu du alkateak.
Enplegua eta jarduera ekonomikoa
Enplegua eta jarduera ekonomikoa "lehenengo lehentasuna" da. Arlo honetan, alkateak 8 ekintza aipatu ditu:
Colon Larreategiko Enplegu eta Ekintzailetza Arreta Gunearen eredua aurkeztuko da. 2015eko Enplegu Planak lan aukera honetan lehentasuna edukiko duten onuradunen kopurua eta kolektiboak bilduko ditu. Eusko Jaurlaritza-Lanbideren eta Udala-Bilbao Ekintzaren lankidetzaren emaitza da. Azkenik, Bilbon Jarduera Komertziala sustatzeko Plan Estrategikoa eta Bilbon inbertsioak erakartzeko jarduerak zehazten dituen beste Plan bat (INVEST in Bilbao) ere aurkeztuko dira. Open Technologies-en esparruan jardungo duen Errekalde Auzofactory berria eta Gai Sukoien Biltegi zaharreko Auzofactoryko lanen lizitazioa abiaraziko dira.
Lehenengo 100 egunetako epearen barruan Bilbao Urban Innovation Leadership Dialogues izeneko Foroa antolatuko du Udalak. Bertan, AEBak ordezkatzen dituzten izen handiko 100 lider baino gehiago bilduko dira. Gainera, 2016ko Ordenantza Fiskalen proiektua egin eta onartzearekin batera, 2016ko aurrekontu-proiektua prestatuko du EAJ-PSE udal gobernuak.
Gizarte zerbitzu eta politikak
Gizarte zerbitzu eta politiken sailari dagokionez, alkateak iragarri duenez, Aholkularitza Juridikoko zerbitzuak sortuko dira baliabide ekonomikorik ez duten adineko pertsonentzat. Bestetik, programa bat garatuko du Udalak, UNICEFek koordinatzen duen 'Haurren Lagunak diren Hiriak' ekimenarekin bat egiteko asmoz. Gainera, 'Bilbao, hiri adiskidetsua adineko pertsonekin' proiektuaren bigarren fasea abiaraziko du eta Gizarte Zerbitzuen Udal Kontseilurako lan-proposamena egingo du. Besteak beste, Eguneko Udalekuak antolatuko dira Bilboko neska-mutilentzat, aisia eta elikadura osasuntsua bermatuz horren premia duten neska-mutilei. Halaber, etxegabekoen egoerari buruzko jardunaldi teknikoa antolatuko du Bilboko Udalak Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako eta Gasteizko Udalekin batera. Adinekoen arteko bakardade egoerak prebenitzeko 'Begirada Aktiboa' programa hedatuko du eta adineko pertsonei zuzendutako tutoretzapeko bi etxebizitza zabalduko ditu Errekaldeberri auzoan.
Bilboko hilerrian 'Errautsen Parkea' eraikitzeko lanak kontratatu eta abiaraziko dituela ere iragarri du Aburtok.
Hezkuntza, Prestakuntza, Gazteria eta balioen garapena
Lehenengo 100 egunetarako Ekintza Planaren barruan, Hezkuntza, Prestakuntza, Gazteria eta Balioen Garapenari dagokionez, Conchako Haurreskolaren lizitazioaren hasiera eta San Inazioko Haurreskolaren proiektuaren idazketa iragarri dira. Halaber, Bilboko gazteriari buruzko ikuspegi orokorra aurkeztu nahi da, Balioen Eskola berria sortu eta gazteei zuzendutako osasun-informazio pertsonalizatuko guneen programa bultzatuko du Udalak Aste Nagusian.
Azkenik, gazteei zuzendutako Udal Etxebizitzen Sustraitzearen aldeko Programaren bigarren edizioa abiarazi eta zabalduko du Aburtoren lantaldeak Otxarkoagan.
Kultura eta aisia
Kultura eta Aisiako Sailari dagokionez, alkateak Euskal Museoa handitu eta hobetzeko proiektua aztertu eta eguneratuko dela iragarri du. Halaber, aro digitalean Udal Liburutegiek kultura zabaltzeko gunetzat duten eginkizuna aztertuko dute. Bestetik, 120 urte beteko dituen Udal Musika Bandaren 2015-2016 denboraldirako programazioa aurkeztea, Bilbao BBK Live Festival 2015 jaialdiaren 10. edizioa nahiz Kalealdia-Kaleko Antzerki eta Arteen 2015eko Jaialdia antolatzen amaitzea, haien gauzapena ikuskatzea eta izandako inpaktua ebaluatzea aurreikusi da.
Jaiei dagokienez, Bilboko auzoetako jaien inpaktu ekonomikoari buruzko azterketa aurkeztuko du eta 2015eko Aste Nagusia antolatzen amaitu, haien gauzapena ikuskatu eta izandako inpaktua ebaluatuko du.
Segurtasuna eta bizikidetza
Atal honetan, Hurbileko Poliziaren garapena eta hedapena bultzatzen jarraituko du udal gobernuak. Bestetik, 2015-2019 Agintaldiko Bizikidetza Plan Zuzendaria aurkeztuko da Udaltzaingoaren Komisaria berriko lanen lizitazioa abiaraziko da, hain zuzen ere, eta Gai Sukoien Biltegi zaharrean kokatuko dena. Gainera, Udaletxean kokatuko den Udaltzaingoaren Komisaria berriko lanak gauzatzen hasiko dira.
Azkenik, lehenengo ehun eguneko epe honen barruan, Suhiltzaileen Enplegu Publikoaren Eskaintzarako deialdia aurrera aterako da eta Udaltzaingoaren akademia-eredu berrirako ildo berriak aurkeztuko dira.
Hiri-eraldaketa eta ingurumena
Hiri-eraldaketaren alorrean aurreikusitako jardueren artean, udal gobernu berriak hurrengo erronkei ekin nahi die: Basurtu eta Errekalderen arteko lurperatze-ingurunea berrurbanizatzeko lanak; Esperantza kaleko frontoia eraitsi eta aurrerapausoak ematea, instalazioa berreraikitzea ahalbidetuko duen ETSrekiko hitzarmen bat finkatzeko, metroaren 3. lineako Zazpi Kaleetako lanen ondorioz; eta Sabino Arana berrurbanizatzeko lanen I. fasea amaitu eta II. faseko lanak esleitu eta abian jartzea.
Lehenengo 100 egunetako jardueren barruan hurrengo jarduerak ere sartu ditu: Garellanoko geltoki intermodal berria eraikitzeko lanak esleitzea; San Inaziotik Zorrotzaurrerako Zubiaren Proiektua aurkeztea; Boluetan babes ofizialeko 108 etxebizitza eta 63 etxebizitza sozialen eraikuntza hastea; eta Gurtza-aretoen erregulazioari buruzko gogoeta prozesua bultzatzea.
Halaber, Ostalaritza-jardueraren erregulazio orekatua lortzeko diagnostikoa landu eta lantaldea sortuko da, Zorrotzaurreko Frank Gehry Zubia Deustutik oinezkoentzat zabalduko da eta ubidea irekitzeko lanei jarraipena emango zaie.
Garraioa, mugikortasuna eta irisgarritasuna
Garraio, mugikortasun eta irisgarritasun alorrean, Zazpi Kaleetako Etxebizitzetarako Irisgarritasun Plan berria prestatu eta Zazpi Kaleetan ibilgailuen sarrera kontrolatzeko sistemak instalatzeko lanak hasiko dira. Gainera, Untziola kaleko aparkalekua konpontzeko lanak hasiko dituzte eta Artxandako zirkulazioaren eta oinezkoen mugikortasunaren hobekuntzei buruzko azterketa amaitu eta hobekuntza horiek gauzatuko dituzte.
Igogailuei dagokienez, Bidegaingo Igogailua abian jarriko dute eta hiru igogailu berriren lizitazioa abiaraziko dute:
•Igogailu inklinatua George Steer kaletik Basobidea kaleraino.
•Igogailu inklinatua Begoñako Errepublika kaletik Ollerietagoiena kaleraino.
•Ramon y Cajal kaleko igogailua.
Halaber, Iralan eta Kastañosen Trafikoa Baretzeko Ingurumen Esparruak sortzeko proba pilotuak abiaraziko dira eta Bilbobusen ekitaldi honetan eskuratutako seigarren autobusaren zerbitzua eskaintzen hasiko da, bizikletak eramateko sistema batez hornituta. Aurrekoaz gain, Bizikletak mailegatzeko bi gune berri sortuko dituzte, Bilbon Bizi Planaren garapenaren barruan eta Basurtu-Iparralden, Abusun eta Jasokunde Auzoan lur gaineko aparkatzeko 200 leku baino gehiago sortuko dituzte.
Auzoen garapena
Auzoen garapena udal gobernu berriaren lehentasunetako bat da. Ildo horretan, alkateak hurrengo jarduerak iragarri ditu: Udal Etxebizitzak erakundearen jabetzako lonjetan enpresa, gizarte eta kultura arloetako ekimen berrien kokapena errazteko plana aurkeztea; Matikon dauden udal lokaletan egokitutako eta erdi-egokitutako 7 etxebizitza sortzeko lanak hastea; eta Zorrotza-Kastrexanako Udal Etxebizitzen sustapeneko lokalak egokitzeko lanei ekitea, 12 erabiltzailerentzako etxebizitza komunitarioa sortzeko asmoz.
Gainera, Mariaren Bihotza Plazako etxebizitzak birgaitzeko lanak amaituko dituzte, 2016-2019ko Auzokide Plana lantzeko partaidetza-prozesua abiaraziko du Udalak, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako hiri-eremua garatzeko Plan Berezi berriaren prestaketa bultzatuko du eta Bilboko Goiko Auzoetarako Irisgarritasunari buruzko Lehentasunak zehaztuko ditu.
Azkenik, Barrainkua kaleko udaltegi berria eta beste ekipamendu batzuk barne hartuko dituen eraikin berriaren proiektuaren lizitazioa abiaraziko du, Sarearen Zentro Sozio-Kulturala irekiko da Mariaren Bihotza Plazan eta Miribilla, Botikazar, Abusu eta Garai Lorategiko umeentzako jolasguneak estaltzeko lanak burutuko dira.
Bilbo "euskalduna"
Juan Mari Aburtok iragarritakoaren arabera, Euskararen Aholku Batzordea sortuko da eta Udaleko Euskararen Erabilpenari buruzko Diagnostikoa landuko da.
Gardentasuna, parte-hartzea eta kudeaketa aurreratua
Legealdi honetarako "erronka berrietako bat den" Gardentasun, parte-hartze eta kudeaketa aurreratuko sailean, Gobernu/Agintaldi Plana/PROGRAMA lantzeko eta zabaltzeko asmoa dago. Gainera, 2015-2019ko Agintaldirako Partaidetza estrategia berri baten ildo nagusiak aurkeztuko dituzte, Udalaren Gardentasunerako Web-Atari berriaren lehen fasea abian jarriko da, Bilboko Udalaren arduradun publikoen Kode Etikoa onartuko da eta Barrutietako Kontseiluak, Hiri Kontseilua eta Partaidetza arloko gainerako organo egituratuak eraberritzeari ekingo diote.