Toreroz jantzi dira Jaurlaritzaren aurrean, Lanbiden jazotako murrizketak salatzeko

uriola.eus 2015ko uzt. 7a, 09:00

Gaur goizean eta San Ferminetako lehen entzierroarekin bat eginez, toreatzailez mozorrotutako hainbat lagunek elkarretaratzea egin dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean "Lanbidek giza eskubideak toreatzen ditu" lelopean. Era berean, Eusko Jaurlaritzako bulegoetan, Lanbidek ezarritako murrizketen eta "jardunbide txarren islada" den salaketa bat utzi dute. 

Beraz, elkarretaratzean gizarte laguntzen zenbatekoen beherakada eta hauek eskuratu ahal izateko neurrien zorroztasuna salatu dituzte. Murrizketa hauekin hainbat familia eta lagun "babes sozialeko sistematik at" geratzen direla ere gaitzetsi dute; gogora ekarriz, kobratzen hasi eta bi urtera, Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kentzen dietela familia gurasobakarrei, eta etxe kaleratzeak pairatu dituzten zein krisiaren eraginak jasan dituzten pertsonei.

Guzti honetaz gain, Lanbiden "egunerokotasunean ematen diren jardunbide txarrak" ere plazaratu dituzte, besteak beste, 9 eta 11 hilabeteko atzerapenak daudela espedienteen eguneraketetan; hainbat asteko atzerapena dagoela laguntzak behar dituzte pertsonen harreta zerbitzuan; edota aldez aurretik ezer esan gabe, hainbat laguntza bertan behera uzten dituztela.